Errotxapeako osasun zentroa okupatu dute mediku euskaldunak aldarrikatzeko

Errotxapeako osasun etxean ez dago ez mediku eta ez pediatra euskaldunik. Horregatik, mediku eta pediatra euskaldunak aldarrikatzeko, “Osasun etxeak eta biok euskaraz” herri ekimena sortu zen Iruñeko auzo honetan orain hilabete batzuk, eta azto, ekimen honetako hainbat kide itxialdi bat burutu zuten osasun zentro honetan. Nafarroako Gobernuarekin bilera bat adostu dute gaia lantzeko.

2016-ko abenduak 3

Itxialdi hau egin aurretik, 50 auzokide inguru Osasunbideari euren kexa helarazi zioten eta mediku eta pediatra euskalduna exijitu zioten. Osasun etxeko zuzendariaren erantzuna “osasun-etxe honetako osagileko lanpostuetarako ez da betekizun hori eskatzen” izan zen. “Nafarroako Gobernuari edo Parlamentuari dagokio osagileko lanpostuak betetzeko euskaraz nahitaez eskatzeko egin beharreko lege-aldaketak egitea”, gehitu zuen.

Ekaina bukaeran, Nafarroako Gobernuarekin harremanetan jartzen saiatu ziren bilkura bat eskatuz. Bost hilabete pasa dira orduz geroztik eta Nafarroako Gobernuak “entzungor” jarraitzen duela salatu dute. “Gobernua sustengatzen duten alderdi politikoekin ere egin dugu ahalegina, soilik EH Bilduk artatu gaitu. Geroa Bai, Izquierda-Ezkerra eta Ahal Dugu-k mutu jarraitzen dute”.

Atzo ekimen honetako kideak osasun-etxean sartu eta bertan gaua igarotzeko asmoa bazuten ere, Foruzaingoa agertu zen arratsaldeko 19etan inguruan. Ekimen honetako kideek Nafarroako Osasunbidea-ko zuzendariarekin hitz egin zuten eta Nafarroako Gobernuarekin bilera bat adostu ondoren atera ziren osasun zentrotik.

Gehiago