Erripagainak dotazioak eskatzen ditu auzoan bizimodu duina izateko
Larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten Erripagainan auzoan dotazio komunitarioak aldarrikatzeko.
2023-ko martxoak 6
Duela ia 20 urte, Iruñerriko hazkunde-bolada betean, Nafarroako Gobernuak UGPS bat onetsi zuen bizitegi sektore berri bat sortzeko. Planaren berezitasuna izan zen lau udalerritako eremua hartu zuela. Gaur egun, bizitegi horrek Erripagaina du izena, eta larunbatean kalera atera ziren bere bizilagunen zati handi bat auzoan dotazio gehiago eskatzeko.
Lurzati asko eraikinez beterik agertzen badira ere, dotazioetarako lurzatiak hutsik daudela oraindik ohartarazi zuten bizilagunek. “Etxebizitzak eraiki dira politika eta diru-kutxa publikoen eta sustatzaile pribatuen onurarako. Zerbitzuak, ordea, bat ere ez”, salatu zuten. “Eta, okerragoa dena, asko ez daude planifikatuta ere. Osasun etxeaz eta haur eskolaz bakarrik hitz egin dute, baina Nafarroako Gobernuak arrazoirik gabe atzeratu ditu”.
Bestalde, udal dotazioak linboan daudela ere salatu zuten. “Ez Burlatak, ez Iruñeak, ez Eguesibarrek ez Uhartek ez dute ezer proposatu beren lurzatietarako”. 2015. urtean Erripagañako Auzo Elkartea sortu zen, eta hasieratik auzokoen beharrak betetzeko eskatu die administrazioei, baina ez du erantzunik jaso. “Babesgabetasun horren aurrean, 2023an Arartekoarengana jo dugu, eta egoerari buruzko txostena prestatzen ari da. Halaber, txostena eskatu diogu Kontuen Ganberari gaia azter dezan”.
Azken aste hauetan auzotarrek leiho eta balkoietan kartelak jarri dituzte ari dira, eta larunbatean manifestazio jendetsua egin zuten auzoan “Dotazioak orain!” lelopean eta “pertsonen neurrira egindako auzoa nahi” dutela aldarri.