Errigoraren kanpaina berria, martxoaren 7tik 22ra bitarte Nafarroako euskalgintza eta ekoizleak laguntzeko
Tokiko produktuak kontsumitzeak dituen onurak azpimarratuko dituzte kanpaina berri honetan, urrunetik produkto horiek ekartzeak ingugiroan eta sozionomikoki sortzen dituen arazoak azaleratuz.
2019-ko otsailak 27
2013ko udazkenean egin zuen Errigorak bere lehen kanpaina. “Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” lelopean, Nafarroa hegoaldeko produktuez osatutako ia 9.000 kutxa banatu zituzten Euskal Herriaren luze-zabalean eta 112.000€ bideratu zituzten bertako euskalgintza hauspotzera.
Lehen kanpainak lortutako harrera onaren ondotik, urte berriarekin udazkeneko saskia osatu zuten produktu horiek eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko beste bide bat zabaltzea erabaki zuten Errigorako lagunek. Hala, denetik zekarten saskien ordez, produktu bakunak kantitate handietan eskainiz, urte guztirako despentsa betetzeko propo- samena egin zen Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura deitu zuten bigarren kanpainan. Apirilean oliba-olio birjina estra eskatzeko tartea zabaldu zuten, 5 litroko bidoietan. Ekainean, ildo beretik, kontserba-sortak eskaini zituzten. Auzolanari esker, olioa zein kontserbak errotan bertan edo kontserba-etxean duten prezio berean eskaini ziren.
Zalantza guztiak uxatuz, oso harrera ona izan zuen proposamenak. 30 herri ingurutan egin zuten kanpaina lehen urte hartan, eta 30.000 litro olio eta 50.000 ontzi kontserba heldu ziren 1.500 bat sukaldetara. Hurrengo lau urteetan kanpainak izan duen hazkundea ikaragarria izan da: 5 urtetan 240.000 litro olio eta 700.000 ontzi kontserba baino gehiago banatu dira, eta 2018ko kanpainan 6.500 etxetan egin zuten eskaera.
Kanpainaren planteamendua, oinarrian, bere horretan mantendu da 5 urteotan. Hala ere, nabarmen zabaldu da eskaintza eta, kontsumitzaileekin batera, asko hazi da parte-hartzen duten ekoizleen kopurua. Honez gain, 2017an azpimarratzeko aldaketa bi jasan zituen kanpainak: olioa eta kontserbak bi txandatan eskatzetik guztia batera eskatzeko planteamendura pasa ziren (banaketa eta ordainketa bi txandatan mantendu arren) eta produktu guztiak ekologikoan ere eskaintzeko pausua eman zuten.
Eskaeraren hazkundeak eta eskaintza ekologikoaren aldeko hautuak ekoizpenaren eremuan ere pausotxoak emateko aukera zabaldu zitzaien. Zubi berriak egin dituzte ekologikoan ari diren nekazari eta elaboratzaileen artean eta lehen produktu ekologikoekin lan egiten ez zuten kontserbagileak langintza honetan hasi dira. Zubi berriak eraiki dituzte, era berean, sektoreko instituzioekin: CEPAEN-NNPEKrekin (Na- farroako Nekazaritza Produkzio Ekologikoaren Kontseilua), INTIArekin (nekazal elika-industriaz arduratzen den Nafarroako Landa Garapenerako sailaren menpeko enpresa publikoa) edo Nafarroako EHNErekin elkarlanean aritu dira.
Zenbakietatik harago, 5. urteurreneko edizioan Eskutik eskura kanpainaren oinarrian dauden balioei buruz hitz egin nahi dute. “5 urte daratzamagu, urruneko produktuak gure sukaldeetara ekarri eta bertako produktuak urruneko sukaldeetara eraman ordez, tokiko produktuak gurean merkaturatzen. Izan ere, zertarako ekarriko ditugu zainzuriak antipodetatik hemen bertan primerakoak baditugu? Edo, zertarako joango gara inora gure produktuak saltzera hemen bertan haien gosez dagoen milaka kontsumitzaile arduratsu badugu?”, galdetzen dute.
Karbono aztarna murriztea eta paisaia mantentzea ditu helburu Errigorak. “Ekonomia bertokiratu eta lehenengo sektorea eta tokiko elikagaien industria txikia bultzatzeko pausuak” eman dituzte, eta nola ez, euskal lurraldeen arteko harremanak elikatzen dituzte.
Auzolana, burujabetza eta komunitatea
“5 urte daramatzagu auzolana balioan jartzen, gauzak bestela egin daitezkeela frogatuz”, diote. Borondatezko lanean oinarritutako sareak ehuntzen, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko distantzia laburtuz eta alde bientzat prezio zuzenak adostuz. “Izan ere, ezin dugu ahaztu kasu honetan milaka hatz daudela eskutik eskura”. Zentzu berean, denbora guzti honetan “beste era batean ekoizteko, beste era batean kontsumitzen” daitekela frogatu dute. “Berandu baino lehen gure elikadura-sistemaren gaineko erabakiak hartzeko gai izan gaitezen pausu txikiak emanez eta, bide horretan, nekazarien eta elaboratzaileen arteko harremana sustatzen” ahalengindu dira.
Ekoizle arduratsuak, kontsumitzaile arduratsuak, euskaltzale borrokatuak, herrigintzako lagun nekaezinak… 5 urte daramatzate desberdinen arteko harremanak elikatzen eta komunitate anitza trinkotzen.
Kanpaina berriaren datak
Martxoaren 7tik 22ra egin ahal izango dira eskaerak, bi modutan: online errigora.eus web gunean ala tokian toki banatuko diren eskuorriak betez. Gutxienez 70 bat herritan egingo da kanpaina, eta herri askotan produktuak jasotzeko gune bat baino gehiago izango dira. Eskaera egitean gune horietako bat aukeratu beharko da, eta apirilean olioaren bila eta maiatzean kontserben bila pasa beharko da. Ordainketa produktuak jasotzean egin beharko da: apirilean olioa eta maiatzean kontserbak.
Eskaintzak azken urteetako ildoia jarraituko du, baina aurtengoan bi berritasun nagusi izango ditu kanpaina honek: arroza eta kamisetak. Kamisetak olioarekin batera banatuko dira, marka ikustarazteko zein komunitatea indartzeko asmoz (5€an eskainiko dira). Arroza, ostera, kontserbekin banatuko da, baina online bakarrik eskatu ahal izango da, stock mugatua baita.