Errigorak diru bilketa abiatu du suteek Nafarroan eragindako kalteei aurre egiteko

Errigorak suteak kaltetutako herritarrei elkartasuna adierazteko ekimen berri bat jarriko du martxan. Era praktiko batean eta auzolanaren bidez, lurrarekiko begirunez jardungo duten ereduak sustatu nahi ditu, garapenaren izenean bazterrean utzi diren praktika iraunkorrak berreskuratuz. Horretarako diru bilketa bati ekin dio, eta lehenengo ekarpena, Errigora berak jarritako 10.000€koa izan da.

2022-ko uztailak 2

Zehazki, 2 lan-ildo jorratu nahi dituzte Errigorako lagunek. Suteak zabaltzea zailtzeko eta herriguneak babesteko suebaki berdeak sortuko dituzte eta bestetik, abeltzaintza estentsiboa sustatuko dute “ganadua izan dadin suhiltzaile eraginkorrena.”

Diruaren erabilpen zehatza adosteko mahai bat osatuko dute, eta bertan izanen dira Mirian Otxotorena (NNPEK), Mikel Tabar (basozaina), Victor Rubio (suhiltzailea),  Patxiku Irisarri (EHNE-Nafarroa), Juan Carlos Castillo (NUKF) eta Imanol Ibero (Errigora).

Gogoratu dutenez, Nafarroan inoiz erregistratutako sute handienek 15.000 hektarea inguru kiskali dituzte ekainean. “Basoak, zereal-lurrak, olibadiak, mahastiak… Zalantzarik gabe, hondamendia izan da gure lurrentzat, baina suhiltzaile, basozain, nekazari, abeltzain eta herritarren arteko auzolana erabakigarria izan da erabateko tragedia saihesteko. Herritarren ordua dela sinetsita, diru-bilketa abiatu dugu, uztailaren 15era arte, auzolanak etenik izan ez dezan. Unearen larritasuna ulertuta, Errigorak 10.000 euro jarri ditu, eta euskal herritarrei haien ekarpena egiteko eskatu nahi diegu, nork bere ahalaren neurrira, lurra bestela kudeatuko duten proiektuak sustatzeko. Atera dezagun txarrenetik onena; izan daitezela errautsak ongarri”.

Diru ekarpenak Errigora.eus webgunean egin daitezke, edo ES61 3035 0042 94 0421091052 kontu korrontean.

Gehiago