“Erresistentzia aurrera, Israel desegin” lelopean manifestazioa deitu du Palestinarekin Elkartasuna-k Bilbon
Datorren urriaren 3an manifestazio nazionala deitu du Palestinarekin Elkartasuna ekimenak genozidioa areagotu zenetik hiru urte beteko direnean.
2026-ko irailak 15
2023ko urriaren 7ko kolono sionisten aurkako erasoen ondoren Palestinaren aurkako genozidioa areagotu zenetik 3 urte beteko den honetan kalera ateratzeko deia egin du Palestinarekin Elkartasuna ekimenak. Gogoratu nahi dute “palestinar erresistentziak “nahikoa da” esan” zuela orduan. “Nazioartean ia ahanzturan zegoen Israelek bere sorreratik palestinarren aurka aurrera daraman garbiketa etnikoaren prozesua. Hiru urte hauetan, ordea, berriz ere argi geratu da zein den Israelen izaera kriminala, eta nazioartean zilegitasuna galtzen joan da. Eta hori erresistentziaren irmotasunari zor zaio lehenik eta behin, baita nazioarteko elkartasunari ere”.
Israelen bizi duten hauteskunde giroari buruz, Palestinarekin Elkartasuna-tik uste dute batzuek saiatuko direla arazoa Netanyahurengan kokatzen. “Halere, guk argi dugu arazoaren jatorria ez dagoela Israelgo gobernu edo alderdi batean edo bestean. Arazoaren jatorria Israelgo proiektua bera da eta oinarrian duen ideologia sionista, zein bere sorburu eta babes diren inperialismo europear eta estatu batuarra”.
Horregatik azpimarratu nahi dute irtenbide bakarra dela erresistentzia babestea. “Izan ere, ez litzateke Palestina existituko ez balitz erresistentziari esker. Erresistentziak Palestinarren egoera erdigunean jarri zuen 2023ko urriaren 7an, eta horri segika, aurrerantzean ere Palestina erdigunean mantentzea dagokigu guri, palestinarren askatasuna defendatu eta Israel zein genozidioaren konplize guztien aurkako mobilizazioarekin eta boikotarekin jarraitzea dagokigu”.
Manifestazioa arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Bilboko Jesusen Bihotzetik.

