Errepresiorik gabeko Sanferminak aldarrikatu dituzte hainbat kolektiboek
Mugimendu Sozialista, Indar Gorri, Haritu eta AZGMko kideek jaiak aldarrikapen politiko eta sozialerako badirela defendatu dute, adierazpen askatasuna baliatzen dutenen aurkako "errepresioaren gorakadaz" ohartarazi dute eta Sanferminetan kaleak aldarrikapenez betetzera deitu dute.
2026-ko uztailak 2
Iazko txupinazoan eta Sanferminetan zehar hainbat kolektibok pairatu zuten errepresioa salatzeko, baita protestarako eta “adierazpen askatasunerako eskubidea jai herrikoien ezinbesteko elementu gisa” berresteko ere egin dute agerraldia gaur. Eragile hauek adierazi dute Sanferminak “ez direla aisialdirako gune hutsa, baizik eta topaketarako, parte-hartzerako eta aldarrikapenerako espazioa ere badirela”.
Gogora ekarri dute pasa den urteko uztailaren 6an 50 identifikazio baino gehiago izan zirela Txupinazoaren testuinguruan, eta dozenaka pertsona kolpatu zituztela eta atxiloketa bat izan zen. Jakitera eman dutenez, gertakari horiei, ondoren beste atxiloketa bat, epaitegiko zitazio berri bat eta gutxienez 8.000 euroko isun ekonomikoak gehitu zaizkie. Gainera, auzipetutako pertsonetako batek bost urte eta erdiko espetxe-zigor eskaerari, 20.000 euroko isunari eta bost urtez Sanferminetara joateko debekuari aurre egin beharko diola salatu dute ere. Bestetik, gogoratu dute kalean materiala saltzen ari pertsona batzuk identifikatu eta zigortu zituen Foruzaingoak.
Kolektiboen ustez, jarduera horiek jaietan protesta politikoa mugatzeko estrategia baten parte dira; izan ere, haien iritziz, Sanferminak gero eta gehiago kontsumora eta turismoaren interesetara bideratzen ari dira. Ildo horretan “Espainiako Poliziaren, Iruñeko Udaltzaingoaren eta esku-hartze poliziala babestu eta halako jardunak normalizatzen lagundu” zituzten erakundeen jarduna kritikatu dute.
Iruñeko Udalak jaietan segurtasuna eta legezko jarduera ekonomikoa indartzeko onartu duen ekimen berriaren aurrean kezka adierazi dute. Haien ustez “neurri horrek pertsona migratzaileen eta arrazializatuen aurkako polizia-jarduerak areagotu” ditzake.
