Erdizen meategia ez egiteko eskaerak Iruñeko kaleak hartuko ditu apirilaren 22an

Magnesitas Navarras enpresak Erdizen egin nahi duen meategi proiektuarekiko desadostasuna adierazteko manifestazioa arratsaldeko 17:00etan Iruñeko Antoniuttiko parketik abiatuko da. Erdiz Bizirik plataformak Baztandik Iruñera joateko autobusak antolatuko ditu manifestazioa jendetsua izateko.

2023-ko apirilak 5

Joan den urtarrilean iragarri zen moduan, apirilaren 22an manifestazioa eginen da Iruñean Magnesitas Navarras enpresak Erdizen egin nahi duen meategi proiektuarekiko desadostasuna adierazteko. Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Antoniutti parketik, eta Sarasaten amaituko da.

“Landa eremuaren defentsan” lelopean Euskal Herriko nahiz atzerriko eragile eta banako guztiak mobilizatzera deitzen dituzte Erdiz Bizirik plataformatik. “Bertaratuko diren guztiei joareak eraman ditzatela eskatzen diegu, ahal bezain bertze asots egiteko. Plataformatik autobusak antolatzen gabiltza, Baztandik Iruñera joateko. Horrez gain, Euskal Herriko bertze zenbait eragile ere bertaratzeko antolatzen ari dira”. Beraz, manifestazio jendetsua izatea espero dute.

Bertzalde, auzi honen inguruan azalpenak xehe-xehe emateko, Euskal Herrian barrena solasaldiak eskaintzen ari dira. Datozen asteotan, adibidez, Baigorrin, Lesakan, Iruñean, Oñatin eta Lesakan izanen dira.

Gehiago