Erdizen meategi bat eraikitzearen aurka eta ingurumenaren aldeko manifestazioa antolatu dute Elizondon urriaren 12an

Erdiz Bizirik ekimenak salatu du proiektu honek nekazaritza, osasuna, ingurumena, turismo, eta ekonomiarendako "kalte ikaragarriak" ekarriko lituzkeela eta Nafarroako Gobernuari eskatu dio Baztango herritarren borondatea errespetatzea eta meategia ez inposatzea Udalez Gaindiko Eragina duen Plana erabiliz. Urriaren 23an, beste aldetik, Baztango Batzar Nagusiak erreferenduma antolatu du herritarren iritzia ezagutzeko.

2022-ko irailak 26

Magnesitas de Navarrak 2022ko uztailaren 29an Nafarroako Gobernuan Erdizen meategia eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen. Aldi berean, proiektu hau Foru Intereseko eta Udalez Gaindiko Eragina duen Plana (UGEP) bezala tramitatzea eskatu du. Atzo Elizondon emandako prentsaurreko batean Erdiz Bizirik ekimenak emandako esan zuen bezala, modu honetan multinazional hau “Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean, Baztango herritarren borondatearen gainetik proiektu hau inposatzeko saiakera egiten ari da”.

Ekimen honek salatzen du proiektu honek nekazaritza, osasuna, ingurumena, turismo, eta ekonomiarendako “kalte ikaragarriak” ekarriko lituzkeela. “Behin eta berriz erran dugu multinazional honen helburu bakarra sosa bereganatzea dela, gu lurrik, urik eta bizimodurik gabe uzten gaituzten bitartean. Honengatik beharrezkoa da proiektu hau lehen bai lehen geldiarazi eta errotik moztea”.

Nafarroako Gobernuko Landa Garapenarako eta Ingurugiro Departamentuko ordezkariei proiektu hau ez onartzea eskatu zieten, eta bien bitartean “landa eremuak bizirik mantentzearen alde borrokan eta herrien burujabetza defenditzen” jarraituko dutela adierazi zuten. Ildo horretan, urriaren 12an arratsaldeko 17etan Elizondoko plazatik abiatuta, Erdiz Bizirikek manifestazio bat antolatu du.

Urriaren 23an, erreferenduma

Meategi egitasmoaren harira, «herritarrei hitza ematea» erabaki zuen Baztango Batzar Nagusiak irailaren 15an egindako plenoan. Bozketa urriaren 23an, igandean, 09:00etatik 20:00etara eginen da eta herri bakoitzean parte-hartze gela bat izanen da. Galdera hurrengoa izango da: Magnak Erdizen egin nahi duen meategi proiektuaren alde zaude BAI ala EZ?

Otsailaren 25ean galdeketa egiteko tramitea hasi zuten baina Espainiako Gobernuak baimena ez ematea erabaki zuen, «galdeketaren gaiak tokiko maila gainditzen zuelako».

Uztailaren 29an Erdizko UGEP proiektua erregistratu zuen Magnak Nafarroako Gobernuan, baita proiektua Foru Intereseko Inbertsio izendatzeko eskaera ere. Baztango erakundeek argi dute «ez dutela inposiziorik onartuko eta ez dutela Udalez Gaindiko Eragina duen Planik (UGEP) onartuko. Meategiaren gaia eztabaida gardenarekin eta herritarren erabaki hartzearekin bideratu nahi dute; demokrazian sakonduz».

Horregatik, «indarrean dagoen araudia kontuan hartuz eta galdeketa ez-errefrendarioak egiteko legeak uzten duen aukera baliatuz», herritarren iritzia ezagutzeko herri galdeketa egitea erabaki zuen Batzar Nagusiak. Proposamenak aldeko 24 boto, Almandozko eta Zigako alkateen abstentzioa eta Navarra Sumaren kontrako hiru boto izan zituen.

Gehiago