Erdiz babestearen aldeko manifestazio jendetsua espero da larunbatean Iruñean

Magnesitas Navarrasek Baztanen egin nahi duen meategiaren aurka Erdiz Bizirik ekimenak deitutako manifestazioa arratsaldeko 17.00etan abiatuko da Antoniutti Parketik "Landa eremuaren defentsan, Erdiz Bizirik!" lelopean.

2023-ko apirilak 21

Alderdi politiko, sindikatu, eragile sozial eta kulturalak eta hainbat instituzio eta entitate lokalek babestu dute datorren larunbatean Iruñean eginen den martxa. Helburua, Magnesitas Navarrasek Erdizen egin nahi duen meategia arbuiatzea eta landa eremuaren aldeko aldarria egitea.

2022ko uztailaren 29an Nafarroako Gobernuan Erdizen meategia eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen Magnesitasek. Proiektuak sortuko zuen kontrakotasuna aurreikusiz, Foru Intereseko eta Udalez Gaindiko Eragina duen Plana (UGEP) bezala tramitatzea eskatu zuen, eta horrela “Baztango herritarren borondatearen gainetik” meategia inposatzea.

Erdiz Bizirik plataformatik behin eta berriz adierazi dute meatzaritza proiektu horrek euren nekazaritza, osasuna, ingurumena, turismo eta ekonomiarendako “kalte ikaragarriak” ekarriko lituzkeela. “Behin eta berriz erran dugu Magnaren helburu bakarra aberastasuna bereganatzea dela; gu lurrik, urik eta bizimodurik gabe uzten gaituen bitartean”. Gainera, inguru horretan izanen luken eraginaz kexu dira, izan ere, ez dute uste proiektu honekin enpresa horren anbizioa asetuko denik. “Badakigu behin hasiz gero ez dela sekulan aseko eta Erdizetik Saioara abiatuko dela. Horregatik beharrezkoa da Erdizko meategi proiektua lehenbailehen geldiaraztea.”

Herritarrei kalera ateratzeko deia

Proiektua geldiarazteko modu bakarra karriketara ateratzea dela azpimarratu dute Erdiz Bizirik ekimenetik. Oso kontutan hartzen dute Magnesitasek proiektu handia duela esku artean eta horren aldeko indarrak handiak ere badirela. Horregatik mezu argia bidali nahi diete “bai multinazionalei eta baita horiek babesten dituzten gobernu eta politikariei ere”.

Gehiago