Eraso sexista irakurketa – Abenduaren 13ko kontzentrazio

2019-ko abenduak 19

Berriz ere auzoko emakume batek salatutako erasoaren ondorioz kontzentraziora deitzeko beharra ikusi izan dugu. Berriz ere kalean betiko galderak entzuten hasi gara: nor da emakumea? noiz izan da? non zegoen? eraso larria izan da edo ez? benetan gertatu da? neska bakarrik zegoen? Lotsagarria da halako galderei ematen zaien garrantzia gizonak emakume bat erasotzeko duen ahalmena zalantzan jarri ordez, eta gure galdera eta adierazpenekin ardura guztia emakumearengan jartzea. Guk dioguna: Eta errua ez zen neria, ez non nengoen, ez nola jantzia. 

Sistema heteropatriarkal batean bizi gara zeinak eraso sexista eta matxistak bultzatu eta babesten dituen, emakumea bi aldiz zigortuz: emakume izateagatik, jasandako erasoarekin eta gizarte galdeketekin. Berriz ere azpimarratu behar dugu hilketak eta bortxaketak izebergaren punta besterik ez direla eta emakumeon biolentzia egunerokotasunean pairatzen dugula. 

Eguneroko jokabide eta jarrerak neskak eta mutilak desberdin begiratzen ditugunean; polita, ederra esaten digutenean eta ausarta, jakintsu eta indartsu esaten EZ digutenean; printze urdina itxoiten ikasten dugunean eta printzesa finak izatean; begirada lizunak jasotzen ditugunean; emakumeok masturbatzen garela ezkutatzen denean; kaletik bakarrik joatean eta beldurra sentitzean; zaintza emakumeon gainean erortzen denean; gizonentzako desirazko objektu bezala erabiltzen gaituztenean; iragarki sexista, musika sexista entzuten dugunean; indarkeri sotila existitzen denean, mikromatxismoak, eta zerrenda luze bat. 

Ez da nahikoa erasotzaileak salatzea icebergeko puntan dauden erasoak egiten dituztenean, horrela ez dugu gizarte feminista baterantzko eraldaketa soziala lortuko, non inor ez dagoen beste inoren gainetik, ardura kolektiboa da. Gizonek zuen maskulinitate hegemonikoa deseraikitzeko ardura duzue, atzera pausu bat egitea, biolentzia oinarritzat duen boterea uztea eta feminismoarekin bat datozen bestelako maskulinitateak eraikitzea. Emakumeok batu behar gara, gure sareak sendotu, ahaldu ndu, gure ahotsa entzunarazi eta kendutako boterea berreskuratu.

Ohi bezala auzoko jaietan eraso sexisten salaketa telefonoa martxan jarri da, telefono zenbakia 699 687 687. Amaitzeko argi gera dadila harro gaudela feministak izateaz, egiten dugun lanaz eta horretan jardungo dugula.
ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE. GORA BORROKA FEMINISTA!

Gehiago