#ErantzunFeminista Hamaika eraso, hamabi erantzun, milaka lagun
Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatu du “11 eraso 12 erantzun. Feministok Prest!” manifestazio nazionala. Eraso matxisten 2015eko uda gogorraren ondoren mugimendu feminista indartsu zegoen halako aldarria Arabako hiriburuan zabaltzeko.
2016-ko apirilak 9
Hilotzak ia hozteko astirik ez du izan. Natalie Van Put, 34 urteko emakumea, apirilaren 5ean hil zen ustez senarrak emandako kolpeen ondorioz. Indarkeria matxistaren azken eraila gogoan izan du manifestazioak hasiera-hasieratik. Manifestazio osteko hitz-hartzeetan ere beretzat izan dira lehen hitzak.
Indarkeria matxistaren gertaera lazgarrienetakoa da erailketa. Hala ere, emakumeen aurkako indarkeriak mila aurpegi ditu eta Josebe Iturriozek Euskadi Irratian manifestazioa hasi baino lehenxeago adierazi duenez, “indarkeria zer den azaltzen eta ulertzen lanak ditugu”, eta manifestazio nazionalaren helburuetako bat bazen neurri batean ariketa hori egitea.
Manifestazio garaian egin diren ekintzek indarkeriaren hainbat adar azaldu dizkigute. Suziri bat piztuta, hainbat emakume burua estalita jende oldearen zain zegoen, eta hala zioten: “Gaua eta kalea gureak dira!”.
Artium museoaren parean “beltza”, “moroa”, “sudaka”, “etorkina”, “txinarra” deitu dieten emakumeek irmo adierazi dute harro daudela direnaz eta arrazakeriaren aurkako eta emakumeen arteko batasun eta aniztasunaren aldeko aldarria egin dute.
Kapitalismoaren eta patriarkatuaren aurkako jarrera erakusteko Corte Inglés parean geratu da jendetza eta “Feministok Prest!” pegatinak itsatsi dituzte erakusleihoetan.
Bat baino gehiago gogoratuko zen Natalie Van Put emakume hilberriaz hurrengo ekintzan emakumeak “odolez” blai lurrean etzanda ikusitakoan.
Andre Maria Zurira heldu dira milaka manifestariak, plaza lepo
Oholtzatik Natalie Van Put bidartarra gogoratu dute, eta indarkeria matxistak urtez urte hil dituen emakumeak izenez deitu dituzte. Saioan zehar behin baino gehiagotan atera da Natalieren izena eta manifestariek irmo erantzun dute: “Natalie, gogoan zaitugu! Herriak ez du barkatuko!”. Europari harresiak irekitzeko eskatu diote, eta errefuxiatuei ongi-etorria eman zaie. Hala esan du esatariak: “Esaidazu zergatik lur hau ez den nire etxea izango”. Emakume presoak eta Mendebaldeko Sahara ere gogoan izan dituzte. Eta manifestazioan antolatu bezala, oholtza gainetik ere indarkeriaren aurpegi anitzak zerrendatu dituzte: arrazakeriaren aurkako deiadarra; “Eta zu zergatik zara heterosexuala?”; gorputz anitzen aldeko aldarria; “Beldurra aldez aldatuko dugu!”; lan guztien (eremu publikoko eta etxeko) balioestea; erailketen aurkako aldarria; eta beste.
Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioak, Iruñean, mugimendu feminista piztu eta gogobete zuen. Ondoren Emakumeen Mundu Martxa Euskal Herriko kaleetan ibili zen. 2015eko udako eraso matxista andanak are gehiago berotu zuen mugimendua, eta apirilaren 9an, 6.000 feministak indarkeria matxistaren aurkako oihu ozena egin du Gasteizen.