Elkar ezagutu dezagun

2015-ko ekainak 8

Elortzibarko XV. Euskararen Eguna – Ekainak 13, Imarkoain

Denon jakina da azken urteotan Elortzibarren eman den hazkunde demografikoa. Gertaera honek gure ibarreko errealitatea aldatu du zentzu askotan. Biztanleriaren handitzearekin batera, Elortzibarren euskaraz bizi nahi duen komunitatea ere handitu egin da.

Gaur egun asko gara bertan bizi garen euskaldun zein euskaltzaleak. Aurten, Elortzibarko Euskararen Egunak, bere hamabosgarren edizioan, euskaldun eta euskaltzale guztien topagunea izatea du helburu.

Berezko hizkuntza da euskara gure ibarrean. Hala erakusten digute mapek, herrien izenek, abizenek, liburuek… Mendeetan zehar etxeetan erabilitako hizkuntza bakarra izan zen euskara. Etxeko hizkuntza, baita kalekoa ere.

2015ean, Elortzibar berreuskalduntzen ari garen honetan, euskaldun eta euskaltzaleen arteko ezagutza eta harremanak bultzatu eta sendotzea premiazkoa da. Gure hizkuntza maite dugu, gure ondarea baita eta euskara normalizatu dadin denon ekarpena beharrezkoa da. Bakoitzak bere esparrutik eta bere neurrian eta denok elkarrekin.

Horrexegatik, ekainaren 13an Imarkoainen ospatuko den Elortzibarko XV. Euskararen Egunera joanen naiz.. Nire inguruko euskaldun eta euskaltzaleei mezua pasako diet eta festara gonbidatuko ditut. Euskaraz bizi nahi dugulako… ELKAR EZAGUTU DEZAGUN!

Gehiago