Haserre agertu dira Iruñeko Udalak Arantzadiko inguruan kanping dendetan bizi ziren migranteak kanporatu dituelako

Elkarri Laguntza eta Derecho a Techo elkarteek salatu dute Iruñeko Udaltzaingoak edukiontzietara bota zituztela kanpin dendak eta euren objektuak. Joseba Asiron alkatearekin bilera egitea exijitu dute, «minduta eta haserre» baitaude.

2026-ko urriak 23

Iturria: Berria.eus

Arantzadi parkeko frontoi zaharraren ingurua zaborrez eta zikinkeriaz beteta dago. Arratoi ugari egon ohi dira sastraken artean. Bertan 25 kanpin denda inguru daude, eta haietako baten barrualdea erakutsi du Kaddur 50 urteko aljeriarrak. «Hotz handia egiten du hemen, eta heze dago», esan du, gaztelera traketsean. Etorkizunaz galdetu dio kazetari batek. Zuzen so egin dio, eta sorbaldak altxatu ditu. Ez daki zer egingo duen. «Nik lan egin nahi dut», erantzun du arabieraz.

Iruñeko Udaltzaingoak gaur 11:00etarako ingurua husteko aginduaren berri eman die bertan bizi direnei. Presaka, Elkarri Laguntza eta Derecho a Techo elkarteek agerraldi bat egin dute azken egunetan bizitakoaren berri emateko komunikabideei eta gizarteari. Beste bederatzi erakundek bat egin dute mezuarekin —Paris 365 elkartasun jantokia, Salhaketa, SOS Arrazakeria, Elkarte fundazioa, Steilas, Solidari, CGT, Migranteentzako Informazio Gunea…—. «Nekatuta, minduta eta haserre gaude. Aski da!», salatu du Alex Ganuza Elkarri Laguntza taldeko kideak.

Astelehen gauean, Iruñeko Udaltzaingoak Arantzadiko ingurua hustu zuen. «Guztia kendu diete. Kanpin dendak, mantak, xaboia, hortzetako pasta eta eskuila… Elkarteok emandako hori dena edukiontzietara bota zuten udaltzainek, eta soinean zuten hori besterik ez zeukatela utzi zituzten», salatu du irmo Tere Gonzalez Elkarri Laguntza elkarteko kideak. Bi urte baino gehiago daramate egoera salatzen, baina oraingo honetan «beste jauzi kualitatibo bat» eman dela salatu dute. «Ez diete aterpe bat ematen, eta orain gauzak kentzen dizkiete».

Elkarri Laguntza elkarteak asteartero laguntza banatzen die etxegabeei. «Astearte honetan uholde bat izan genuen, ezer gabe utzi zituzten. Nola egin ahal diozu hori txiroa den jendeari? Gero diote faxismoaren kontrako politikariak direla. Nahikoa da; utzi gezurrak esateari», kritikatu du Ganuzak. Haren esanetan, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak baliabide nahiko dituzte egoerari konponbide bat emateko. «Guk lan handia egiten dugu, baina emaitza txikia lortu. Erakundeen laguntza exijitzen dugu, bestela ez baitago irtenbiderik». 

Elkarteek azaldu dute orain gehienez berrehun etxegabe bizi direla Iruñerrian. Gonzalezek gogora ekarri du Nafarroako Gobernuak iaz 575 milioi euroko superabita izan zuela eta bost milioi euro baizik ez dituela erabiltzen etxegabeen egoerari aurre egiteko. «Aurrekontua bi halako izango balitz, ziurrenik etxegabe guztiok ohe batean lo egin ahalko lukete». 

Iruñean hainbat aterpe eta ehunka ohe hutsik daudela jakinarazi dute: esaterako, udan Donejakue bideko erromesei ostatu emateko Jesus eta Maria aterpetxea itxi berri da, eta hainbat ohe daude bertan; Dama Apostolikoen aterpetxean, 50 inguru; autobus geltoki zaharrean, hirurogei inguru; Bigarren Zabalguneko merkatuan, berrogei inguru… «Salatu nahi dugu bere burua ezkertiartzat daukan udal honek eskuineko politikak egiten dituela», esan du Gonzalezek.

Joseba Asiron alkatearekin bilera egitea exijitu dute, eta aurpegia emateko eskatu. «Beti bidaltzen ditu zinegotziak, ez du gai honi buruz hitz egin nahi, baina guk alkatearekin hitz egin nahi dugu, hiriarentzat oso gai garrantzitsua baita», azpimarratu du Ganuzak. Gogora ekarri du Errusiak Ukraina inbaditu ondotik bertatik etorri ziren ehunka ukrainarrei babesa emateko sare bat antolatu zela. «Halako zerbait egitea nahi dugu, hori baita integraziorako bidea. Ez dute halakorik egin nahi afrikarrak direlako? Arrazistak eta klasistak al dira?», galdetu du. 

Rachid gaztearen lekukotza

Arantzadiko frontoiaren inguruetan 30 lagun inguru bizi dira, 18 eta 60 urte artekoak. Haietako bat da Rachid, 21 urteko gaztea. Hiru hilabete daramatza bertan bizitzen. Duela hiru urte etorri zen Euskal Herrira. Lorezaintza diploma atera du, eta iturgintza ere ikasten ari da. Futbolean ere aritzen da. 

Ohe baten gainean, aterpe baten babesean egin nahi luke lo, baina zaila zaio gurpil zoro horretatik ateratzea. «Laguntza ematen ahal didate logela bat alokatuz gero, baina, gela bila hasi eta nongoa naizen esaten dudanean, ezezkoa jasotzen dut beti», azaldu du. Maiz, gauean babes bila ibili izan da. «Poliziek uste dute ostu nahi dudala, baina nik nonbait sartu nahi dut lo egiteko». 

Elkarteek salatu dutenez, egoera horretatik ateratzeko lehen pausoa erroldatzea da. «Behin erroldatuta, gizarte laguntzaile bat lukete, baina ez diete ematen. Auzoetako unitateek agindua dute ez artatzeko erroldatu gabeko jendea. Erakundeek ez diote egoerari aurre egin nahi, haien gaineko ardura hartu beharko luketelako», azaldu du Gonzalezek.

Gehiago