Elgorriagako bainuetxeak sindikatuaren hauteskunde zerrendako lehen hautagaia kaleratu duela salatu du LABek
LAB sindikatuak salatu du Elgorriagako bainuetxeko hauteskunde zerrenda aurkeztu eta bi egunera hautagaitzan lehenbiziko zihoan langilea kaleratu duela enpresak, bai eta zerrendako gainontzeko langileak mehatxatu ere.
2023-ko maiatzak 3
Pasa den apirilaren 24an Elgorriagako bainuetxean hauteskunde sindikalak egiteko aurreabisua sartu zuen LAB sindikatuak. Horretaz gain, hauteskunde sindikaletan aurkeztuko zuen zerrendaren berri eman zion enpresako zuzendaritzari, hautagaitza orria aurkeztuz. Bada, aurreabisua sartu eta hautagaitza orria aurkeztu den momentutik enpresaren jarrera “hagitz erasokorra” izan dela salatu du sindikatuak.
“Hautagaitza aurkeztu eta bi egunera, zerrendan zihoan lehenengo hautagaia lanetik kaleratu du enpresak. Horretaz gain, Elgorriagako bainuetxeko zuzendaritza zerrendan aurkezturiko langileak deituz joan da, sindikatuarekiko mesfidantza hedatu eta langileak mehatxatzeko asmoz. Horrek guztiak helburu argi bat du: enpresaren begiko ez den edozein hautagaitza oztopatzea, langile ororen askatasun sindikala urratuz”, dio LABek ohar batean.
Sindikatuak ohartarazi du ez duela onartuko ekintza sindikalaren aurkako inolako erasorik. “Tamalez, ez da jarrera berria eta garbi frogatzen du bertan ekintza sindikalaren oso beharrezkoa dela. LABek ez du inolako kaleratze, mehatxu eta jokabide maltzurrik onartuko, eta Elgorriagako bainuetxeari exijitzen dio kaleratutako langilea berehala berriz har dezala eta hauteskunde prozesua normaltasunez eraman dezala”.