ELAk San Jose Zentroko lan baldintzak nabarmen okertu direla salatu du
Funtzio Publikoarekin izandako bileran, ELAk langileen kezka guztiak azaldu ditu eta mobilizazioak iragarri ditu baldintzak hobetu arte.
2022-ko urriak 4
CAIDIS San Jose Nafar Gobernuaren menpe dagoen zentroa da, eta Nafarroako Autonomia eta Pertsonen Garapenerako Agentziak (ANADP) kudeatzen du. Bertan, plantillak denbora asko darama lan baldintzak nabarmen okertzen ikusten, eta, batez ere, D mailako langileei eragiten die, zentroko mailarik prekarizatuenari. Langile hauengan eragiten dute kudeaketa kaskarrek eta zentroko arduradunen erabakik.
Egoera hori salatzeko, ELAko ordezkariak eta San Joseko langileak Funtzio Publikoarekin bildu ziren joan den ostiralean. Sindikatuak eskatutako bilera hori ANADPek negoziazio sindikala sistematikoki oztopatzen duela egiaztatu ondoren egin zen, langileen eskaerak gutxietsi egiten direlako eta isiltasuna arau gisa erabiltzen delako. Giza Baliabideetako Departamentuak hartzen dituen neurriak ez zaizkie plantillaren ordezkariei helarazten, eta, beraz, neurri horien ondorioak jasaten dituzten langileen bitartez iristen da informazioa. Garrantzi handiko erabakiak dira, adibidez lan postuen amortizazio etengabea edo, azkena izan dena, langileak lau egun baino gutxiagoko aldietan ez ordezkatzea. Erabaki horiek oporrak eta gehiegizko orduak ukatzea eragin dute, eta eragina dute langileen antolaketan, lan-kargan eta norberaren eta familiaren bizitza uztartzean. Horrez gain, Administrazioko gainerako langileekin alderatuta, bidegabekeria da.
Horregatik guztiagatik, langileen prekarizazio horrekin amaitzeko, ELAk Zentroko Zuzendaritzari, Zaintzaileen Burutzari eta Giza Baliabideen Atalari eskatu die jarduteko modu hori lehenbailen bertan behera uztea, eta langileekin eta haien ordezkariekin komunikatzeko eta negoziatzeko bideak irekitzeko.