ELAk Nafarroako metalaren hitzarmenak KPIa berma dezala eskatu du Patronalaren aurrean egindako elkarretaratze batean
10 hilabeteko negoziazioaren ondoren, patronalaren proposamen ekonomikoak metaleko langileak pobretzea, eta soldata arrakala sektoreko enpresen erdietan betikotzea dakarrela salatu du sindikatuak.
2022-ko urriak 19
Metalgintzako ELAko ehun ordezkarik baino gehiagok elkarretaratzea egin dute CENen aurrean, negoziatzen ari den hitzarmenean KPIren araberako soldata igoerak izateko.
10 hilabete baino gehiago igaro dira hitzarmena negoziatzen hasi zenetik, eta patronalaren proposamenak onargarriak izatetik oso urrun daudela oraindik salatu du ELAk. Sindikatuaren esanetan, proposamen honek sektoreko langileak KPItik beherako soldata igoerekin “pobretu” egiten ditu. “Hori, gainera, 2021ean hitzarmeneko tauletan finkatutakoak baino soldata handiagoak zituzten enpresetako plantillek erosteko ahalmena galdu ondoren, soldata izoztu egin zitzaielako”, dio ELAk.
ELAk soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak eskatu ditu ere. “Metalaren sektoreko enpresen erdiak ETEak dira, eta ez dute berdintasun planik edukitzeko beharrik. Horrek esan nahi du patronalaren proposamenak, atal honetan ezer aurreikusten ez duenak, are gehiago pobretzen dituela emakumeak, KPIa baino soldata igoera txikiagoa izateaz gain metaleko ETEetako emakumeen soldata arrakala betikotu egingo lukeelako”.