ELAk Gamesaren deslokalizazioa salatu du eta administrazioei esku hartzeko eskaera egin die

Siemens-en zuzendaritzak hartutako deslokalizazio erabakiaren aurrean ELAk bere esku dauden tresna guztiak erabiliko dituela iragarri du erabaki hau bertan behera uzteko. Siemens-ek Gamesaren kontrola hartu zuenean "txaloka aritu ziren administrazioen inplikazioa ezinbestekoa izango" dela Agoizko lantokia irekita mantentzeko.

2020-ko uztailak 1

Siemens-Gamesak Agoitzen duen lantokia ixteko erabakia deslokalizazio hutsa da. Lantoki honek 2021eko irailera arte lan-karga bermatua zuen, erreferentea da palen ekoizpenean, eta Agoizko 239 langileak kaleratzeko erabakiak arrazoitzeko erabilitako argudioak aitzaki hutsak dira. Apenas 10 urte dauzkan lantoki honek, sorreran zituen baldintza berdinak ditu egun lehiakorra izateko, eta lehiakorra ez izateko duen elementu bakarra Siemens-en jabetzakoa izatea da.

Siemens-ek Gamesaren kontrola hartu zuenean ELAk bere kezka adierazi zuen, Euskal Herriarekin izan zezakeen lotura guztiak gal zitzakeelako eta gure lantokien etorkizuna kolokan jartzen zuelako. Orduan, administrazio ezberdinek erabakia txalotu zuten Siemens-ek gure herriarekiko konpromisoa adierazi zuela esanez. Txaloka aritutako administrazio horien inplikazioa orain ezinbestekoa izango da Agoizko lantegiaren eta enplegu guztien etorkizuna bermatzeko, gure ondoan nahi ditugu enpresa bihotz gabe honi aurre egiteko.

Aurretik ere Gamesarenak izandako lantegi ezberdinen itxierak bizi izan ditugu. Siemens-Gamesako langile guztien, ez soilik Agoizkoen, inplikazioa ezinbestekoa izango da enpresari aurre egiteko eta banan-banan Euskal Herrian dauzkan lantoki guztiak ixten joateko erabakiak geldiarazteko, ELA horretan arituko da.

Agoizko lantokia bideragarria da eta lan-karga du, inork ezin du pentsatu gure herrian horrelako deslokalizazio bat erantzun irmorik gabe eman daitekeenik. Gure esku dagoen guztia egingo dugu erabaki hau bertan-behera uzteko.

Gehiago