ELAk Amavir Navarra enpresako lan hitzarmena berritzea eskatu du

Amavir Navarra adinekoen erresidentzietako langileek mobilizatzen jarraitzen dute beren lan baldintzak eta zerbitzua hobetzeko. Izan ere, enpresako zuzendaritzak etekinak handitzeko hitzarmena desagerrarazteko asmoa agertu du, lan baldintzak are gehiago okertuz, eta, horrekin batera, zerbitzua ere okertuz.

2023-ko ekainak 13

Amavir Navarra hirugarren adinekoen Amavir Argaray, Amavir Mutilva eta Amavir Oblatas egoitzak kudeatzen dituen enpresa da, eta 350 langile baino gehiago ditu. Enpresaren lan baldintzak arautzen dituen hitzarmen kolektiboa 2021eko abenduan amaitu zen, eta 2022an negoziazio bileraren bat egin bada ere, enpresak hitzarmena ez negoziatzeko eta 2024ko ekainean ultraktibitatea amaitzean desagertzen uzteko asmoa agertu du.

“Horrek esan nahi du langileen lan baldintzek okerrera egingo dutela, hitzarmen okerragoa ezarriko baitzaie. Hau da, enpresak etekin ekonomikoa handitu nahi du, lan baldintzak okertu aldera”, salatu du ELAk, langileen mobilizazioak babestu dituena. Gaur, langileek elkarretaratzea egin dute Amavir Oblatas egoitzaren aurrean.

ELAk plantillaren lan baldintzak hobetzeko eta, horrela, zerbitzua hobetzeko benetako negoziazioa exijitzen dio Amavir Navarrari. “Ezin da kalitatezko zerbitzurik izan lan baldintza prekarioekin”, dio sindikatuak, eta Nafarroako Gobernuaren erantzukizuna ere nabarmendu nahi izan du, “itunpeko egoitzak direlako eta diru publikoz hornitzen direlako”.

Gehiago