ELAk alderdiei eta erakundeei eskatu die Nafarroan erabaki ditzatela langile publikoen lan baldintzak
ELAko sektore publikoko langileak eta ordezkariak Iruñan elkartu zituen atzo 'Sektore publikoa kalera! 2023an KPIa bai ala bai! 15.000 langile kontsolidatu!' lelopean egindako elkarretaratze batean Nafarroako Jauregi parean.
2022-ko urriak 20
ELAk salatu du sektore publikoko langileek azken urteotan bizi duten lan baldintzen gainbehera eta behin-behinekotasuna, eta, bestetik, Nafarroako alderdi eta instituzioei leporatu die “Madrilen esku uzten dituztela langileen lan baldintzak”.
Sindikatuak eskatu die sektore publikoak dituen beharrak eta lan baldintzak Nafarroan bertan erabakitzeko hautua egin dezatela. ELAren arabera, “legea ez delako berez muga, gure esku dago hemen erabakitzea”. Horretarako, hemengo alderdiek Estatuko aurrekontuetan “LORAFNAk gure instituzioei aurrikusten dizkiguten eskumenak Madrilen esku ez uzteko hautua egiten behar dute; euren esku dago hori egikaritzea”, azpimarratu du ELAk.
Eskumena edukita, Nafarroako agintariak mahai negoziatzailetan konprometitu behar direla dio ELAk, “langile publikoen pobretze prozesuarekin eta pribatizazioarekin” amaitzeko. Horretarako, 2023an 2022an galdutako erosahalmena (%4,5) eta 2022ko KPIa bermatu, eta enpleguan behin-behinekotasuna %6ra txikiagotzeko kontsolidazio prozesuak adostu behar direla zehaztu du sindikatuak.
ELAk uste du mobilizazioen eta greben beharra dagoela “zerbitzu publikoak indartzeko eta langile publikoen baldintzak defendatzeko”, eta batasun sindikala aldarrikatu du.