ELA: “Onartezina da prebentzio neurriak ez errespetatzeagatik urtero Euskal Herrian 400 langile hiltzea”

ELAk ekitaldia egin du Iruñeko Labrit frontoian apirilaren 28ko Nazioarteko Lan Osasunaren egunaren karietara. Sindikatuak ikuskari kopurua handitzea eskatu du Europako batez bestekora parekatzeko. Lan heriotzek “lehentasun politikoa” izan beharko lukete, sindikatuaren ustez.

2024-ko apirilak 26

ELAren esanetan, 165 lan ikuskari behar dira Euskal Herrian, 120 EAEn eta 45 Nafarroan. Eskaera hori egin du Pello Igeregi ELAko Lan Segurtasunaren arduradunak Nazioarteko Lan Osasunaren egunaren harira Iruñean egindako ekitaldian. Bertan, Olga Fotinopoulou Basurko Lan eta Gizarte Segurantza Zuzenbidearen EHUko katedradunak parte hartu du, eta lan osasunaren legediko hutsuneak aletu ditu hitzaldi batean. Ondoren, Igeregik gogorarazi du lan prekaritatearen kontrako ELAren apustua ere badela langileen osasunaren aldeko apustua, eta aipatu du lan heriotzen zifrak onartezinak direla.

Ekitaldiaren ostean, Labriten bildutako ehunka militantek manifestazioa egin dute Nafarroako Parlamenturaino, ‘Hiltzera kondenatzen gaituzte’ lelopean, eta ikuskariak handitzeko eskaria egin diete erakundeei.

Lan heriotzak, lehentasun politikoetatik kanpo

Enpresek diru irabaziak bizitzen gainetik kokatzen dituztela salatu du Igeregik. “Ondorioz, eta instituzioen konplizitatearekin, urtero 400 langile hiltzen dira bai istripuengatik, bai lan gaixotasunengatik. Gainera, lan istripuen erdia kontratuen lehen bi hilabeteetan gertatzen direla dio Osalanek”, aipatzen du ELAk. “Bada, Hego Euskal Herriko kontratuen %56k hilabete baino gutxiagoko iraupena dute”, oroitarazi du ELAko lan osasunaren arduradunak, eta zaurgarrienak langile arrazalizatu eta emakumeak direla. “Onartezina da prebentzio neurriak ez errespetatzeagatik urtero EHn 400 langile hiltzea, eta hori lehentasun politikoa ez izatea”.

Prekaritatea eta langileen pobretzea “patronalaren apustu estrategikoa” denez, Igeregik neurri zehatz bat proposatu du horri langa jartzeko: Hego Euskal Herriko ikuskari kopurua Europako batez bestekora pareka dadila 165 ikuskarirekin. Eskaera “neurtua” eta “epe laburrean egingarria” dela azpimarratu du, “borondaterik” badago. Horregatik, ezinbestekotzat jo du erakundeak interpelatzea.

Bestalde, Fotinopoulous adituak ziurtatu du egungo legeak ez duela izaera prebentiborik, baizik istripua jazo ondoren erantzuten duen legea dela, erantzuleentzako “neurri diziplinarrak” ezarriz, ez besterik. Gaitzesgarria da hori adituarentzat. Gainera, jazarpen kasuetan legeak hutsuneak dituela azpimarratu du, baina Langileen Nazioarteko Erakundearen hitzarmena balia daitekeela salaketak aurkezteko.

Gehiago