Ekimen bateratuak bai, independentziarako bidean

2015-ko abuztuak 14

Esparru anitzetatik zerrenda bateratuak osatzeko deia egiten ari da,
Nafarroako Foru Komunitatearen (NFK) kasuan, aldaketa politiko eta
soziala babesten duten alderdi eta koalizioetan oinarritutakoa.

Hego Euskal Herriko (HEH) eremuan gisa bertsuko eskakizunak egin dira
ezberdintasunak ezberdintasun.

NFK-ko kasua hartuko dut ardatz horixe baita gehien eta hobekien
ezagutzen dudana:

Alde batetik, hauteskundeen aritmetika hutsari dagokionez, hau da,
eserleku banaketari dagokionez, deitutakoen baturak ez luke aldaketarik
ekarriko lortuko liratekeen eserleku kopuruan.

Bestetik, argi eta garbi ekimenaren kontrako agertu da dagoeneko
aipatutakoren bat, eta besteek baztertzaileagoa den proposamena luzatu
dute, ustez, helburu bera duena.

Azkenik, ekimen honen xedea da Espainiako Estatuan Aldaketa Politiko eta
Soziala ahalbidetzeko lankidetza. Hasiera batean, eragozpenik sortzen ez
duen helburua da, baina urtetako eskarmentuaren ondorioz, zenbait
zehaztapen kontuan hartu beharrekoak dira:

Molde honetako ekimenek abertzaleei eskatzen die, batasunaren izenean,
beren izaera nazionaleko proiektuak alde batera utz ditzaten, aldiz, ez
zaie unionistei gauza bera eskatzen, beren proiektuak ere izaera
nazionalekoak izan arren.

Estatuan nahi den aldaketa politiko eta soziala benetakoa izan dadin,
indar bultzatzaileek arlo sozial, politiko eta ekonomikoan aldaketa
sakonerako nahia erakutsi behar dute. Aldaketa baliozkoa izango da,
demokrazian sakontzeak eskubide guztien errespetua bermatzen badu –
banakakoak zein kolektiboak – zeinen artean dauden pertsonen eskubide
guztiak eta baita herrienak ere, eta hauen artean, beren etorkizuna
erabakitzeko eskubidea, inolako zaindaritzarik gabea.

Espainiako Estatuak ez badu naziotasunek beren etorkizuna libreki
hautatzeko duten eskubidea aitortzen, baita euren estatu propioa
sortzekoa ere, hau da, independentzia lortzekoa, estatu demokratikoa ez
ezik beste edozein gauza izango da eta egun den herrien kartzela izaten
jarraituko du.

Independentzia behar dugu, ez gero eta ospe gutxiago duen Europar
Batasuneko banderan izar bat gehiago izateko, baizik eta, askoz
hurbilagokoak zaizkigun gauzetarako:

Jabetza pribaturako eskubidea eta enpresen sorrera eta garapenerako
eskubidea ez daitezen etxebizitza eskubidearen eta lan duinaren
eskubidearen gainetik egon. Ospitale gehiago eta hobeak izan ditzagun,
kalitatezko osasungintza izan dezagun. Eskola, institutu eta
unibertsitate gehiago eta hobeak izan ditzagun, publikoak eta
kalitatezkoak. Kultura guztion eskura egon dadin. Politikak herritarroi
zuzenduak izan daitezen eta ez botere-taldeei zuzenduak. Gure
lurraldearen eta gure baliabideen erabilera errespetuzkoa izan dadin eta
ez dadin datozen belaunaldietarako hipotekatu. Gainerako herrirekin ere,
elkartasuna ager dezagun, hurbileko zein urrunago dauden herriekin
berdin. Babes edo lan bila gugana hurbiltzen diren pertsonen harrera
maiz migratu behar izan duen herri bati dagokion bezalako izan dadin eta
ez Europar Batasuneko herrialde handinahi batena.

Abertzaleek Madrilera joan behar dute gure eskubideak aldarrikatzera,
sozialak, zibilak, politikoak, nazionalak, kulturalak eta ekonomikoak,
Kongresuan eta Senatuan. Era berean, estatuan benetako aldaketa sakona
ekarriko duen edozein ekimen babestera, ez edonolako alternantzia
bilatzera. Eta baita, Espainiako Estatua nahita edo halabeharrez osatzen
duten herri eta nazio ezberdinen bidezko aldarrikapenak sostengatzera
ere.

Bere aldarrikapenen artean erabakitzeko eskubidea biltzen ez duen
edonolako plataforma bateratuan parte hartzearen aurkako agertu nahi
dut, bai NFK-rako eta bai HEH-rako, ezin dugu onartu zilegi zaizkigun
aldarrikapenak gutxietsiak izan daitezen auskalo zein helbururen
izenean.

Gehiago