EHNE sindikatuak ez du begi onez ikusten suteei aurre egiteko Nafarroako Gobernuaren agindu berria
Nafarroako Gobernuak suteei aurre egiteko emandako Foru Agindu berriak nekazariak errudutzat jotzen dituela eta haien bizkar gainean pisu gehiena jartzen dela salatu du EHNE, agindu honen aurka bozkatu duenak.
2022-ko uztailak 5
Nafarroako Ingurumen Kontseiluak joan den ostiralean, uztailaren 1ean, egin zuen bileran, EHNE-Nafarroa sindikatuak eta UCANek foru agindu horren aldaketaren AURKAKO botoa eman zuten. Gure ustez hartu diren neurri berriak nekazarien, abeltzainen eta basogintzako langileen kolektiboaren bizkar gainean jarri direlako. Emaitza: 5 boto alde, 2 aurka eta 5 abstentzio. Horien artean UAGNrena.
Jakin badakigu Nafarroan erregistratutako azken sute horiek mugarri izan direla gure imajinario kolektiboan. Seigarren belaunaldiko sute geldiezin batek nekez ahaztuko dugun babesgabetasun eta ezintasun sentsazioa sortu du.
Egia da gure ohiko lanetan erabiltzen ditugun makina astunek eragin dituztela sute batzuk, baina egia da, baita ere, nekazari garen aldetik, lehenengo interesatuak garela gertakari horiek ez errepikatzeko, zuzenean eragiten baitigute gure uztetan edo makinerian ere, eta ez gara lehen lerroan egon suaren aurka borrokatzeko, lurra eta makineria itzaltzeko gaitasuna ezagutzen baititugu.
Horrela, erretako laboreen 2.257 hektareek kalte ekonomiko larria ekarriko diete kaltetuei. Labore gehienak aseguratuta dauden arren, egia esan, Agrosegurok ordainduko dituen 190 eros/TN horiek ez dituzte ekoizpen-kostuek dakartzaten 280-290 euro/TN estaltzen, ezta, jakina, salmenta-prezioa ere, 350-390 euro/TN ingurukoa. Egoera horren aurrean, eta Nafarroako Gobernuak udalerrientzako laguntzak aurreikusten dituela ikusita, EHNE sindikatuak gure sektorea ere kontuan hartzea eta lehen sektorearentzako laguntzak formalizatzea eskatzen du.
Hori esanda, gure aurkako botoaren zergatia jakinarazi nahi diegu herritarrei.
1.- Erruaren zama nekazarien bizkar jartzen da.
• Hartu diren neurri berriak gure kolektiboaren ingurukoak baino ez dira izan. Gastu gehiago eta laguntza ekonomikorik ez.
• Gerta daiteke tren batek eragindako sute bat eta tximista batek aldi berean sortutako beste bat. Horrek II. mailako larrialdi-plana aktibatzea eragingo luke, eta automatikoki gure jarduera gelditu beharko genuke.
2.- AEMETek kudeatzen duen tenperatura-meteoalerten sistema bat martxan jartzen da.
• Egia da parametro bat egon behar dela egoera zehatzetan lan egitea egokia den ala ez arautzeko. Parametro hauetan, Alerta horian, beste neurri batzuk hartu beharko dira, uzta biltzea nekezagoa izanen delikan nekazarientzat. Gure ustez, neurri horiek abisu laranjan hartu beharko lirateke, zeren, une horretan, AEMETen arabera, ohiko zereginetan eragina izaten ahal dituztelakoz. Eta, jakina, udan ohikoa izaten da uzta biltzea.
Amaitzeko, nabarmendu nahi dugu Foru Agindu berri honek gure nekazari eta abeltzainen kolektiboa estigmatizatu eta gehiago zigortu besterik ez duela egiten. Alde batetik, estigmatizatu egiten du, gizarteak, une honetan, zeharka begiratzen dielako lanean ari den uzta biltzaile edo paketatzaile orori. Eta, bestetik, gure kolektiboa ekonomikoki zigortzen du, uzta biltzeko eta paketatzeko orduan, landan langile gehiago izatera behartzen gaituelako, horrek dakarren gastu erantsiarekin eta sektoreak gaur egun bizi duen krisi-egoeran, batez ere familia-ustiategiei dagokienez.
Aitzitik, mendietako prebentzio-neurrien falta sumatzen dugu, ezartzen zaizkigun kargak leunduko dituzten neurri ekonomikoak, baita I+G+Bko beste neurri batzuk, makineria seguruagoa izan dadin. Azken batean, prebentzio-neurri gehiago eta sektoreari gutxiago inposatzea. Udatik bueltan Administrazioarekin eseri ahal izatea espero dugu, Foru Agindu honi 180 graduko buelta emateko eta 2023ko uztara sektorerako egokiagoak diren beste baldintza batzuetan iristeko.