EH Bilduk Iruñeko udala salatu du Euskararen Ordenantza ez betetzeagatik

Ordenantzak dio Udalak jendarte orokorrari bideratzen dizkion argitalpen guztiak elebidunak izan behar direla eta koalizio abertzaleak 3 urte daramatza horren urraketa salatzen. "Egoeraz nazkatuta" Administrazio Auzitegian helegitea jarri dute.

2014-ko irailak 3

Seinaleak, errotulazioak, web gunearen edukia… asko dira Iruñeko Udalak gaztelera hutsez erabiltzen dituen bitartekoak, eta beraz, Euskararen Ordenantza urratzen dutenak. EH Bilduk adierazi du legegintzaldia hasi zenetik batzorde eta Osoko Bilkuratan egoera hau salatu izan duela eta dagoeneko UPNren jarrera baztertzaile eta arduragabeaz nekatuta” dagoela.

Koalizio abertzalearen arabera "UPNk euskararekiko jarrera baztertzailea erakusten du behin eta berriz, araudia betetzeko ardurari bizkarra emanez, eta bitartean, noski, iruindar euskaldun guztion hizkuntza eskubideak urratuz". horrekin batera, ordenantza bete ez ezik, gaur egun udalean euskara teknikaririk ez dagoela gogor salatu du.

Nafarroako Administrazio Auzitegia
"Egoeraz nazkatuta" koalizioak bi ekimen martxan jarri dituela jakinarazi du. Batetik, Patricia Perales zinegotzi abertzaleak helegitea jarri du Nafarroako Administrazio Auzitegian egoera salatuz eta froga ezberdinak mahai gainean jarriz. Albiste hau laguntzen duen irudian, adibidez, udalaren webgune ofiziala den www.pamplona.es-eko edukiak euskaraz irakurri nahi direnean aurkitzen den errore orria ikus daiteke.

Bestetik, aste honetan izango den Osoko Bilkuran Euskararen Ordenantza %100ean betetzea exijitzen duen mozioa aurkeztuko dute.

Azkenik, “iruindarrok euskaraz bizitzeko norabidean ematen diren Euskararen Ordenantzaren urraketa oro salatzeko deia” luzatu die EH Bilduk hiritarrei, eta koalizioak araudia bete arte norabide horretan lanean jarraituko duela adierazi du.

Gehiago