EgunOn! izango da maiatzaren 20an Iruñeko Antoniutti Parkean ospatuko den Sortzen Jaiaren leloa
Sortzen Elkartearen 2018ko Jaia maiatzaren 20an izanen da, Iruñeko Antoniutti Parkean. Jaiaren protagonista eta leloa aurkeztu ditu Sortzenek Iruñeko Antoniutti Parkean egindako agerraldian. Iazko jaiaren protagonista izan zen IkasKilok (hezkuntza komunitateko barraskiloak) lagun berria izango du aurtengoan ondoan: EuskaraKilo barraskiloa. Beren ametsa garatzen jarraitzen dute: Auzo Bizi Onaren Eskola eta Hezkuntza Burujabetza.
2018-ko urtarrilak 19
Eta ametsa euskaraz ere badela aldarrikatzera datoz aurtengoan EgunOn! leloarekin, aldarria modu eta momentu ezberdinetan plazaratzeko intentzio osoarekin. Maiatzera bitarte beraz, EgunOn!-ekin lotzen diren dinamika ezberdinak garatu eta sorpresa berriak eman nahi dizkigute.
Sortzenek, euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen urrats berriak ematen jarraitzeko, ezinbestekotzat jotzen du euskararen ofizialtasuna eta D eredua herrialde osora zabaltzea. “Denona den euskara herritar guztiok ezagutzeko eskubidea bermatuko lukeen hizkuntza eredu bakarra” behar dela uste dute Sortzen elkartekoek.
Iaz bezala, aurtengo Sortzen Jaia ez du soilik eskola batek antolatuko. Eskola aunitzetako hezkuntza komunitateko kideak, gurasoak gehien bat, izanen dira, auzolanean eta lantaldeka, jaia antolatuko dutenak.
Auzo Bizi Onaren Eskolaren ezaugarriak
Sortzenek defendatzen duen eskolaren ezaugarriak hainbat kontzeptuekin definitu daiteke. Alde batetik, “Slow Eskola” kontzeptua erabiltzen dute Sortzen elkartean. “Ikasleen garapen beharrak errespetatu eta elikatzeko norbanakoari egokitutako erritmoa duen hezkuntza eredua, inor bazterrean utziko ez duelarik. Bertako elikadura natural eta osasuntsuaren bidez jangelek hezigune funtzioa dutena, pertsonen artean, elikagaiekin zein ekoizleekin harremanak landuz”.
Euskal eskola publikoa “Eleanitza” izan behar dela ere azpimarratzen dute. “Ikasle euskahaldunak sortuko dituen hezkuntza eredua”, hain zuzen ere. “AberAniztasuna” ikasleen aniztasuna aberastasuna definitzen duen kontzeptua ere nabarmentzen dute. Eta badira gehiago: “NiZuGutzailea” , “SorBizitzailea”, “Adimozionala”, “AuzoEskolan”, “Hezigune Sarea”, “Hezkuntza Burujabetza”…