Egin Dezagun Topa! gazte feministen topaketak burutu dituzte asteburuan Lizarran

Egitarau zabalaz gozatu ahal izan dute neska* gazteek. Ekitaldi hunkigarriarekin eman diete amaiera topaketei. Salda Badago jardunaldi feministei begira itzuli dira gazteak herri eta auzoetara.

2019-ko urriak 6

Goiz esnatu da gaur eguna Lizarran, 8etarako ozen entzun baita musika Ikastolako geletan. Esnatu, jaiki eta norbere trasteak bildu, dena txukundu eta 9etan elkartu dira gazteak La Bota Elkartean gosaltzera. Kafe eta gaileta artean eman diote hasiera aurretik daukaten egun luzeari.

10etan eman diete hasiera egitarau ofizialari Foruen plazan, autodefentsa feministaren inguruko hausnarketarekin. Hasteko, hausnarketaren kokapen orokor bat egin nahi izan dute, eta horretarako Emagineko kide den Aiora Epelde gonbidatu dute Lizarrara. Epelde autodefentsaren inguruan Euskal Herriko mugimendu feministak izan dituen jardun eta praktika ezberdinen inguruan eta honek izan duen bilakaerari buruz jardun du. Ondoren Egin Dezagun Topako Maialen Uribek neska* gazteek azken hilabeteetan garatu duten parte hartze prozesuaren inguruko nondik norakoen berri eman du. Ondorio nagusiak aurkeztu ditu, eta besteak beste egungo autodefentsa ereduak topea jo duela eta neska* gazteen jarduna askotan horretara mugatzen dela aipatu du. Ondorio hauek Durangoko jardunaldi feministetan ponentzia moduan aurkeztuko dituzte, eta ponentzia hori zehazteko partehartze prozesuaren ondorioak taldeka eztabaidatu dituzte jarraian.

Eztabaida honekin bukatu dute neskek* lantaldekako dinamika, eta ondoren aukerazko hitzaldietan parte hartzeko aukera izan dute. Marxismoa eta feminismoaren arteko harremanaz jardun du Oihane Garciak. Interes handia piztu du hitzaldiak, eta aretoa beteta ekin dio Garciak hitzaldiari. Marxismoa eta feminismoa izan ditu hizpide Garciak, eta egungo Euskal Herriko zein munduko testuingurua kontutan hartuta, ekin dio marxismoaren bilakaeraren historia labur bat egiteari. Azkenik, eta marxismo kritikoan sakonduz, zapalkuntza interdependiente eta anizkoitzei buruz jardun du Garciak, eta bi terminoen arteko gatazkan zentratu baino, bakoitzak askapen prozesuei eskaintzen dioten horretan jarri du arreta.

Aldi berean, Zauria(k) dokumentala proiektatu dute, eromena eta gorputzak ikuspegi feminista batetik lantzen dituen pieza. Gaztetxean, aldiz, dekolonialismoaren inguruko hitzaldia eman du Tania Sirianyk. Azkenik Autodefentsa Feministan sakontzeko aukera ere izan dute neskek*, aurrez emandako partehartze eta eztabaida prozesuan atera diren ondorio ezberdinei lasaitasun handiagoz heltzeko.

Goizeko tailerren ondoren, berriro elkartu dira gazteak Foruen plazan, eta goizekoaren sintesi bat egin ondoren, azaroan Durangon ospatuko diren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetara dei egiteko argazkia atera dute denek batera. Bazkaltzeko txanda izan da ondoren, eta eguzkitan bazen ere, giro onaz eta janari goxoaz gozatu dute neska* gazteek. Topa ere egin dute, eta denen artean trasteak bilduz bukatu dute bazkaria.

 Arratsaldeko 4ak aldera ekin diete berriz egitarauari. Bazkalosteak ezin zuen bestelakoa izan, eta sormen tailerrak izan dira egitarauko eskaintzarik gehiena. Halakoak izan dira Bertsohop, Kartelgintza, Kantudefentsa eta Sormen Jolas Zirkuitoa tailerrak, modu ezberdinetan sormena askatuz feminismoari kolore, soinu eta sentipenak jartzeko bidea. Hitzaldietan, aldiz Euskal Herrian bollera izateari buruz jardun du Kattalin Minerrek, ekintza zuzenari buruz teorizatzeko aukera izan da gaztetxean eta Salda Badago jardunaldiei begira jarri dira Jardunaldietaruntz tailerrean.

Arratsaldeko bigarren zatian, aldiz, egungo feminismoa zeharkatzen duten beste borroka batzuek hartu dute protagonismoa, eta hala, langile, bollera, lodi, antiespezista, ekologista, landa eremuko eta hezkuntzako subjektu feministei buruz jardun dute hitzaldi ezberdinetan.

 Azkenik, egunari amaiera emateko, ekitaldia egin dute Foruen plazan. Topaketetan emandako hausnarketak balioan jarri eta aurrera begira bihotz eta ahots propioz jarduteko hautua berretsi dute. Autodefentsa feministan sakondu eta herri zein auzoetan autodefentsa edonolako erasoen aurreko defentsa mekanismo bezala hedatzeko deia egin dute, eta azaroko jardunaldi feministetan parte hartzeko gonbita ere luzatu diete neska* guztiei. Ilusioa eta zirrara nabariak izan dira ekitaldian zehar, batez ere Kantudefentsa tailerrean egin duten kantua kantatu dutenean. Jendea dantzan jarri du urteko ekintzak biltzen zituen bideoaren musika dantzagarriak, eta pozik eta norberak bere herri eta auzoetan borrokan jarraitzeko gogoz amaitu dituzte topaketak.

Hurrengo geltokia Durango
Azaroan Durangon ospatuko diren Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministetara begira amaitu dituzte Egin Dezagun Topa! topaketak. Egun hauetan Lizarran egin dituzten hausnarketak eta adosturiko bideorriak, jardunaldietan isladatuko dituzte tailer baten eta ponentzia baten bidez. Bertan autodefentsa eta neska* gazte subjektua izango dira landuko dituzten gai nagusiak, eta neska* guztiei bertan parte hartzeko deia egin nahi izan diete amaiera ekitaldian.

Gehiago