Egiari Zor hipokresia alde batera uztea eta biktima guztien aitortza eta erreparazioari ekitea eskatzen du

Egiari Zor Fundazioak Estatuaren biktimak azken egunotan "jasandako humiliazioak" salatu ditu, eta alderdi politiko eta instituzioei begirunea eskatu diete eta gatazka politikoa konpontzea "elkarbizitzarako esparru demokratiko" sortzeko.

2021-ko urriak 28

Azken egun hauek gogorrak izan dira, alderdi emozionaletik kudeatzeko zailak; gure herriko erakunde eta alderdi politiko batzuek aldarrikatzen duten ikuspegi etikotik, ulertezinak. Egun hauek, besteak beste, sektore politiko eta instituzional baten hipokrisia agerian uzteko balio izan digute. Beste behin dezepzio handia eragin digu sektore horrek isiltasun osoa mantendu izana jasan ditugun laidoen eta umiliazioen aurrean:
Filtratu den Estatuko goi-kargudunen elkarrizketa baten arabera, Felipe Gonzalezen Gobernuko Barne Ministerioa izan zen Herri Batasunaren jarraitzaileen aurkako bonba- gutunak bidaltzeko arduraduna, besteak beste, Jose Antonio Cardosaren heriotza eragin zutenak.

         Felipe Gonzalezen gobernuko Segurtasunerako Estatu idazkari izandako Rafael Verak, kondenatua izan eta gutxira Aznarren Gobernuak alderdi sozialistako beste kide batzuekin batera indultatu zuena, enegarren aldiz goratu du estatu- terrorismoa. Nahikoa ez balitz, esplizituko jarraitzen du exekuzio arbitrarioen apologia egiten.

         Barne Ministerioak domina bat eman dio 1994an Giza Eskubideak bortxatzeagatik kondenatutako polizia bati. Biktimario hau ere, saritua izan zen Aznarren indultu batekin.

         Ramon Jauregi beste behin saiatu da bere alderdia GALen inguruko erantzukizun politikotik salbuesten.

         Villarejo komisarioak, Estatuko estolden zaindaria izandakoak, gerra zikinean, Jose Migel Etxeberriaren eta beste batzuen behartutako desagerpenen inguruan… bere kideek egindako lana goraipatu du, parte hartu izana gustatuko izango zitzaiola baieztatuz, gainera. Horren guztiaren aurrean, etika politikoaren eliteetatik isiltasun latz bat baino ez dugu entzun. Guztiz lotsagarria da zenbaitek beren burua erreferente etikotzat izatea, besteen kalitate etikoa neurtzeko ahalmena dutela uste izatea, eta aldi berean, Estatuaren indarkeriaren biktimok jasaten ditugun umiliazio eta laidoen aurrean isiltzea. Egun hauetan guztiz umiliatu gaituzten estatu-terrorismoaren gorespen eta apologia adierazpen esplizituen aurrean mutu geratu dira.

Duela egun batzuk Lehendakariak esan zuen bizikidetza erronka etiko bat dela, eta topaketa ahalbidetu behar duela. Hori horrela izanik, galdegin nahi genioke ea bera non ote dagoen modu zuzenean Estatuaren indarkeriaren biktimak erasotzen gaituztenean.

Hori guztia 10 egunetan gertatu da. Tartean EH Bilduk eta Sortuk urriaren 18an egindako adierazpena ere egon da.
Pertsona askok asko galdu genuen, eta elkarrekiko errespetua eta errekonozimendua da azken urteotan eraiki dugun errealitatea, aniztasunetik, gehien galdu dugunon arteko distantzia ideologikotik. Klase politiko gehienengandik jasotzen ez den zerbait.Adierazpen horren ondoren, ETAren biktima batzuek eta sare sozialen bidez hainbat pertsonak, pilota PSOEren teilatuan jarri dute, GAL-i dagokionez eta Estatuaren indar armatuei dagokienez, horiek ere pertsonak hil eta torturatu baitzituzten.

Zalantzarik gabe, egun hauen testuinguruan bistakoak diren adierazpen eta eskaera horiek bihotzez eskertzen ditugu. Baina ikuspegi politiko, etiko eta gizatiarretik onartezina da herri honetako gehiengo politiko eta instituzionalaren hipokrisia. Badirudi ez dutela inolako interesik gure sufrimenduaren erantzuleei, guri eragindako kaltea aitor dezaten eskatzeko. Ez dute inolako interesik beste batzuek eman dituzten pausoak emateko.

Egiari Zorren ordezkatuta gauden biktimak gaurkoan gure sufrimenduaren arduradunei zuzentzen gatzaizkie, argi eta garbi esateko hamarkada asko daramatzagula egin ziguten kaltea aitortzeko zain.

Gure minaren erantzuleek sigla politikoak, izen-abizenak, kolore desberdinetako uniformeak dituzue eta inpunitate berdina partekatzen duzue.

Zuek zarete diktadura militarraren oinordekoak, erreforma odoltsuarenak, estatu- terrorismoaren erantzuleak, ZEN planarenak, tortura sistematikoarenak eta bertsio ofizialenak, espetxe-politikaren arkitektoak. Gure giza eskubideak, besteak beste, fronte askotatik urratu zituen estatu-estrategia baten alde egin zenutenak zarete. Honen inguruan ez dago eskakizun etikorik, ez erantzukizunik, ez biderik egiteko.

Zuen ustez duzuen nagusitasun etikoak dakarren eskakizun-maila betetzeko gai izan zaitezten zain gaude. Nagusitasun hori, jakina, gustu txarreko adarjotzea da Estatuko aparatuetatik eragindako indarkeria jasan dugunontzat. Zain gaude ea noizbait gai zareten besteek eman dituzten pausoak emateko eta emateko prest zaudetena exijitzeko.

Egun hauetan erakutsitako hipokresia-maila umiliazioaz haratago doa. Espero dugu batzuek defendatzen duten elkarbizitza-ereduak ez saihestea bizitako konfrontazio armatuaren esparruan Estatuaren indarkeriatik eratorritako erantzukizunak. Espero dugu alde batera ez uztea badela oraindik konpontzeke dagoen gatazka politiko bat, benetan sinesten badugu elkarbizitzarako esparru demokratiko batean.

Gehiago