Donibaneko jaietan eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztu dute

Donibane auzoko jaien atarian, "eraso sexistarik gabeko jaien defentsan" aurten martxan jarriko duten protokoloa aurkeztu dute jaietan eman daitezkeen eraso sexisten aurrean erantzun bat emateko asmoarekin.

2018-ko ekainak 19

“Jaietan denak balio duela eta alkohola eta drogak desinhibitzaileak direla argudio bezala erabiltzeak, mahai gainean jartzen ditu, gizarte matxista honek erreproduzitu eta transmititzen dituen balore eta jarrerak”, aipatu dute protokoloa egiteko arrazoiak azaltzerakoan.

Eta eraso hauek “iceberg”aren punta bakarrik direla ziurtzat eman dute, “baina ur azpian hauek onartu eta babesten dituen sistema ikusezin oso bat dago”. “Sexu eta genero dikotomian oinarrituta botere harremanak sortzen dituen sistema dugu hau, non gizonak era batetara eta emakumeak beste batetara heziak izan garen; gizonengandik eta emakumeengandik gauza desberdinak espero dituena. Gizartea osatzen dugunon erdiari beldurrean hezi gaituzte, beste erdia, ordez, protagonistak izateko eta boterearen eta indarkeriaren monopolioa izateko heziak izan diren bitartean”, azpimarratu dute.

Protokoloa egiteko orduan hiru alor hartu dituzten kontuan: Erasoa jakinarazten duten unea, erasoa eman den lekua eta erasoaren intentsitatea. Barran brazalete moreak daramatzaten emakumeak egongo dira, edozein egoeraren aurrean laguntzeko prest agertuko direnak, betiere, erasoa jasan duen emakumeak eskatzen duena errespetatuko dutelarik, bere intimitatea babestuz. Modu berean, eraso sexistak salatzeko telefonoa martxan egongo da edonork jasaten duen edozein erasoren berri jasotzeko eta informazioa eskaini ahal izateko.

“Erantzun kolektibo eta anitz bat ematea bideko beste pausu bat da, baina eraso hauekin bukatu nahi badugu, konpromisoa egunerokoa eta jarraia izan behar du”, esan dute.

Gehiago