Doneztebeko jaietan jarritako parkarta feministak erre dituztela salatu du Gazte Asanbladak
Lapaitza Malerreka-Bertizaranako Gazte Asanbladak salatu duenez, gizon talde batek matxismoa salatzen zituen pankarta pare bat erre eta zakarrontzira bota zituzten.
2023-ko ekainak 30
Lapaitza Malerreka-Bertizaranako Gazte Asanbladak komunikatu bat plazaratu du, ekainaren 28an, Doneztebeko besten lehenbiziko egunean emandako gertakarien harira. Idatziak dioenez, bi pankarta paratu zituzten Doneztebeko Herriko Ostatutik zintzilik, testu hau zutenak: ‘Gizon, ezpadakizu egoten ez etorri. Feminismoaz armatuta gaude!’ batek eta bertzeak ‘Zuen deserosotasuna gure plazera! Gora borroka transmaribibolloa!’. Lapaitzak salatu duenez, «23:30erako pankartei su eman eta basurara bota zituzten bertan zeuden hainbat gizonek».
Lapaitzako kideak ez ziren plazan hau gertatu zenean, «baina badakigu jendeak ikusi egin zuela eta horren aitzinean ez zuela deus egin». Honekin, argi utzi nahi dute «ekintza hau ikusi zuen pertsona oro eraso honen konplize dela, norbere eskuetan baitago horrelako basakeria baten aitzinean erabakitzea zer egin eta zer ez». Dena den, Lapaitzako kideek ez dute «plazan ekintza hau ikusi eta deseroso zein biolentatua sentitu zen inor inkrepatu nahi» eta ulertzen dute «Donezteben dagoen errealitatea ez dela erosoa ez segurua horrelako erasoei aurre egiteko».
Lapaitza Gazte Asanbladak argi utzi nahi du ez duela horrelako erasorik onartuko, «eta horrelako ekintzen aurrean gu zapaldu beharrean are gehiago pizten dela gure sua». Positiboki baloratu dute «gizonengan deserosotasuna sortu izana, gure helburuetako bat bete dugula erran dezakegu». Lapaitzaren oharrak, akitzeko, «hagitz ongi ikusi genuen gizonek eztakizuela konportatzen», dio.