Desobedientzia zibilaren kriminalizazioa “aurrekari arras kezkagarria” dela salatu dute Aroztegiaren auziari lotuta

Maiatzaren 19an hasiko da Iruñean Aroztegiaren auziko 7 lagunen aurkako epaiketa. Espetxe zigor eta isun ekonomiko gogorrak eskatzen dituzte haien kontra ilegalki hasitako obrak era baketsuan gelditzeagatik.

2025-ko maiatzak 13

“Desobedientzia zibila ez da delitua, eskubide sozial beharrezko eta zilegia baizik”, aldarrikatu dute Aroztegiaren proiektuari aurre egiteagatik epaituko dituzten 7 pertsonen aldeko manifestua izenpetzen duten ia 200 lagunek.

Aroztegiko “pelotazoaren kontra” protesta eginiko zazpi lagunen aurkako kartzela zigor eskaerak mugiarazi ditu lagun guzti horiek. Epaitegietan “justiziarik egonen balitz, hori ez lukete onartu” adierazi dute.

Aroztegia proiektuak Baztango Lekarozko herrian luxuzko hotela, golf zelaia eta 228 txalet aurreikusten zuen, Palacio de Arozteguia S.M. enpresak bultzaturik. Proiektua bertan behera geratu zen zonaldean izandako protestengatik, baina enpresak mendekua hartu nahian, 7 ekintzaile horien aurka egin du lekuz kanpoko zigor eskaerak eginez. “Denbora joan ahala, bistan gelditu da adreilu eta turismoaren garapen eredu hori jasanezina dela, baita gure amaren etxea defendatzea ezinbertzekoa dela etorkizunik nahi badugu. Gainera, espekulazioan oinarritutako proiektua izan da Aroztegikoa, lurren birkalifikazioaren jokaldiaren bitartez. Baztandarrak aurka agertu dira behin eta berriz, baina, UGEP moduan tramitatuz, erabakimena eta hitza kendu zaizkie”. Ahoan mozala.”, gogoratu dute gaurko agerraldian.

2021ean hondeamakinak Aroztegiko parajean obretan hasi zirenean herritarrek gelditu zituzten modu baketsuan, desobedientzia zibila praktikan jarriz. Obrak ez zituen behar ziren baimenak, gainera. Hala eta guztiz ere, enpresak zazpi baztandarri akusazio gogorrak egin dizkie: bortxa eta derrigortze delituak eta talde kriminala osatzea.

“Denetara 20 urteko kartzela zigorra eta 56.000€ko fidantza eskaerak. Eta arriskua oraino handiagoa da: diru publikotik aberasteko sukarrean, enpresak 43 milioi euroko konpentsazioak eskatu dizkie Nafarroa eta Espainiako Gobernuei eta badakigu milioiak eskatu nahi dizkietela auzipetuei ere”, salatu dute.

Datorren astean hasiko den epaiketaren egunean bertan, protesta egiteko deialdia egin dute. Otsailean milaka lagunek hartu zuten parte Iruñeko manifestazioan, eta azken egunetan Elizondon elkartasun kanpaldi bat egin dute.

“Gaur manifestu hau sinatzen dugun 196 lagunok ere gure elkartasuna adierazi nahi diegu Baztango zazpi auzipetuei eta nabarmendu nahi dugu herri batek eginiko desobedientzia zibila ezin dela kriminalizatu, horrek, gainera, aurrekari arras kezkagarria sortuko duelako adierazpen askatasun eta eskubide demokratikoei dagokienez”, eta absoluzioa eskatu dute auziperatuentzat.

Gehiago