Dagoeneko 1.000 lagunek eman dute izena azaroan ospatuko diren jardunaldi feministetan parte hartzeko

Azaroaren 1, 2 eta 3an Durangon ospatuko diren V. Jardunaldi Feministetan guztira ehundik gora ponentzia, tailer eta kultur-proposamen aurkeztu dira Euskal Herriko bazter askotatik. Bost ildo nagusiren baitan antolatu dira proposamenak eta egunak. Izen-ematea urriaren 7rarte dago zabalik.

2019-ko urriak 1

Azken txanpan buru-belarri sartuta dago Euskal Herriko mugimendu feminista autonomoa, azaroaren 1, 2 eta 3an Durangon izango diren V. Jardunaldi Feministak antolatzen. Guztia “prest ez, baina bideratuta” dutela adierazi dute.
Izen-emateekin ere pozik agertu dira, jada 1000 emakume baino gehiago apuntatu dira. Urriaren 7an itxiko da izen ematea.

Azken hilabeteetan ponentzia, tailer, kultur-sorkuntza eta abarren proposamenak egiteko aukera izan da, eta azken asteetan horiek guztiak batu, txukundu eta biltzen ibili ostean, hiru eguneko egitarau oparoa aurkeztu dute azarora begira.

Orotara 38 ponentzia proposamen eta 70 tailer jaso dituzte. “Izugarria izan da sare feministatik jasotako erantzuna, bizirik eta indartsu ari garenarenaren seinale da” adierazi dute bozeramaileek.

Azkenengo Jardunaldi Feministak duela hamaika urte izan ziren Portugaleten, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez “ordutik hona asko aldatu da testuingurua Euskal Herrian, denbora tarte horretan Mugimendu Feminista ez da geldirik egon eta orain, gaurkotasun osoz ari da proposamenak egiten eta eztabaidagai sakonak pilatu ditugu”.

Eztabaidagai horien inguruan eta Mugimendu Feministaren osasun eta erabakietan jarri dute pisua: “Jardunaldi feministak mugarri garrantzitsua izaten dira Mugimendu Feministarentzat, elkarrekin bildu eta datozen urteetako lerro nagusiak marrazten baititugu bertan”.

Gehiago