D ereduaren aldeko hautua egiteko dei egin die Sortzen elkarteak gurasoei

Aurrematrikulazio garai berri bat heldu da ta orain gurasoek haurrentzako nolako etorkizuna nahi duten erabakitzeko unea iritsi zaie. Hautua egiterakoan hizkuntzarena funtsezko eta oinarrizko irizpidea da, eta ataka horretan Sortzen ekartetik euskararen aldeko hautua egiteko deia egiten diete.

2019-ko urtarrilak 25

“Aukera eman nahi diegu euskaratik, euskaldun izatetik, eleaniztun izan daitezen,  Euskal Herrian euskaraz bizitzeko gai eta, era berean, bai berton zein munduan beste hizkuntza batzuetan aritzeko gai. Kontrako hautua, hau da, euskara baztetzen dituzten beste hezkuntza ereduak hautatzeak “aukerak murriztea” ekartzen dituela ohartarazten dute, izan ere, Nafarroako berezko hizkuntza baztertuz elebakar edo elebidun (gaztelera-ingelesa..) bizitzera kondenatzen dituzte ume horiek.

“Kalitatezko hezkuntza” aldarrikatzen dute Sortzen elkartetik, eta horrek erran nahi du “belaunaldi berriei, bizi eta barnebiltzen dituen komunitatearen baitatik munduari irekita, eta bizitzan zehar garatu daitezen tresnak lantzen lagunduko dien hezkuntza” izatea. Sormenerako eta eraldaketarako bitartekoak eskainiko dizkien hezkuntza nahi dute Sortzen elkartean, “sentitu, pentsatu eta ekinez pertsona askeak bilaka daitezen ahalbidetuko duen hezkuntza”, hain zuzen ere. “Aukera berdintasuna oinarri izango duen hezkuntza. Bermatu behar zaigun eskubidea. Eta Nafarroan, Euskal Herri osoan bezala, erronka horrek euskara behar du ardatz, aniztasunean zubi, elkarbizitzarako berme, etorkizunerako zutarri”, azpimarratu dute.

“Honezkero argi dago hizkuntza bat baino gehiago ikasteak aberastu egiten gaituela; badakigu elebidun izanik beste hizkuntza batzuk ikastea erraztu egiten dela; eta badakigu jakin, bizi garen lurraldeko berezko hizkuntza, euskara, desabantaila egoeratik atera nahi badugu ikaskuntza prozesuaren ardatz bilakatu behar dela. Hori izango da berme bakarra ikasle euskaldun eleaniztunak hezteko norabidean urratsak ematen joan gaitezen, eta elkarbizitzarako ekarpen positiboa eta eraikitzailea izango da gainera”, gaineratu du Sortzenek.

Gaur egun, Nafar lurraldearen eremu zabalean herritarren hezkuntza eta hizkuntza eskubideak mugatuak jarraitzen dutela gogoratu dute, eta  “hezkuntzak aukera berdintasuna bermatu behar” duela aldarrikatu dute, “eta hori ez da posible indarrean dagoen Vascuence legearekin, lege baztertzaile eta segregatzaile horrekin”. Horregaitik “euskaraz bizi eta ikasteko eskubidea” bermatzeko alde agertu dira berriz ere.

Aurtengo aurrematrikulazio kanpainari dagokionez ,Sortzenek D ereduaren inguruko informazioa zabalduko du ideia nagusi batekin: “gure eredu komuna da, baita zurea ere. Ikasle euskaldun eleaniztunak hezten ditu murgiltze ereduaren bidez. Konfidantzazkoa da, gaitasunak lortuz eta ikasleen bizitza erdigunean jarriz. Hurbila da, herri/auzo bizitzan sustraiturik pertsona alai eta kritikoak sortuz”.

Bestalde, bereziki Nafarroa hegoaldeko herrietan, jolas tailerrak egin eta aldizkari bat zabalduko dute, hegoaldean euskaraz eta publikoan ikasteko aukera zabaltzen hasi zenetik irekitako lerroen esperientziak jasotzen dituena (Tafalla, Lodosa, Kaparroso, Allo, Antzin, Erriberri, Barasoain, Azkoien eta Sesma).

Gehiago