D eredua bultzatzeko asmoz kanpainak abiatu dituzte Sortzen eta NIZE elkarteek
Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteak bideo batean bildu ditu euskarazko D eredu publikoan hezi ziren pertsona batzuk lan munduan izan duten esperientzia azaltzeko. Sortzen Elkartetik aurtengo aurre-matrikulazio kanpainaren leloa “Ongi etorri” izanen da, matrikulatuko direnei D ereduaren komunitatera ongi etorria emateko nahian, “gure aberastasuna eredu” azpi-leloarekin.
2017-ko otsailak 2
Sortzen elkarteak informazio kanpaina ezberdinak eginen ditu Sakana mailan eta Nafarroan. Era berean, ongi etorria eman nahi diete kurtso honetan D eredua beraien herriko eskola publikoetan zabaltzea lortu duten Tafallako, Kaparrosoko eta Lodosako familiei.
“Gure komunitatearen hiru argazki hautatu ditugu euskarazko murgiltze eredua hautatu nahi dutenei ongi etorria emateko. Basaburuko Oihanzabal eskolako hezkuntza komunitatea, Antsoaingo Ezkaba eskolakoa eta Kaparrosoko eskolako D ereduko komunitatea agertuko dira, hain zuzen ere, aurtengo euskarrietan”, esan du Sortzenek.
Pasa den urtean egin zuten bezala, Nafarroako zonalde diskriminatuan kanpaina berezia egingo dute. Pasa den larunbatean Tafallako eskolan gurasoei zein txikiei zuzendutako Jolas Tailer bat egin zuten, otsailaren 2an, Zarrakasteluko eskolan, D ereduaren inguruko informazio hitzaldia emango dute eta otsailaren 8an, Erriberriko kultur etxean, Richard Weyndling kazetariarekin batera, beste hitzaldi bat eskeiniko dute. Beste alde batetik, eskuorriak eta kartelak zabalduko dituzte Nafarroako zonalde diskriminatuko beste herri batzuetan.