CGT-LKNk langabeziarekin amaitzeko lanaldiaren murrizketa konponbidea dela dio

Sarrigurengo Berrikuntzaren Hirian egindako informazio banaketa batean lanaldiaren murrizketaren aldeko aldarria berritu du sindikatuak. Duela 100 urte 8 orduko lanaldia ezarri zen, eta orain lanaldia murrizteko ordua dela dio CGT-LKNk: "Ordu gutxiago lan egin, denok lan egiteko".

2022-ko urriak 26

Nazioarteko erakundeen datuek epe laburrean ehunka mila lanpostu suntsituko direla ziurtatzen duten honetan, CGT-LKNk lan banaketaren aldarria berriz agendan jarri behar dela uste du. “Gehiegizko ekoizpenaren eta baliabide faltaren errealitatea ulertu behar dugu. Mundu mailan, 7 lanpostutik 1 automatizatzeko arriskuan dago eta Estatuan datorren hamarkadan lanpostuen %52ra iritsiko da”, dio sindikatuak.

“Urteak daramatzagu ikusten produkzio-, ekonomia- eta lan-sistema honi eusteko irtenbidea langileak gainetik kentzea dutela, modu eraginkor eta errentagarri gisa”, eta sindikatuaren iritziz ez da bidezkoa langile hauek langabeziara bidaltzea sistemari eusteko. “Are gutxiago, errezeloz ikustea guztiok ordu gutxiago lan egiteko borroka, gure baldintzei eutsiz, berdintasunezko gizarte bat sortuz, eta bizitza ulertzeko beste modu batekin”.


8 orduko lanaldia, 100 urte

100 urte baino gehiago dira 8 orduko lanaldia lortu zela, baina orain lanaldia murrizteko ordua dela dio CGT-LKNk. “Kaleratzeen eta lanpostuen suntsipenaren aurrean, lanaren banaketak konponbidea izan behar du. Ordu gutxiago lan egin, denok lan egiteko”.

Gehiago