Caparrosoko makro haztegiak ingurumenean eta uretan duen eragin larria frogatu du Greenpeacek
Tokiko eragile eta herritarrek bidalitako SOS deiaren ondoren, GKEa ingurura joan da, minda isurketa masiboek behin eta berriz eragindako kaltea neurtzeko, eta makro haztegia geldiaraztea eskatzen du. Erakundeak inguruko uretako nitrato maila neurtu du, eta kutsadura zenbait puntutan kezkagarria dela adierazi du. Azken isurketak benetako ur-jauziak eragin zituela ziurtatu du talde ekologistak, Aragoi ibaira zuzenean iritsi eta eremu babestuei eraginez.
2021-ko otsailak 26
Martzillako eta Caparrosoko talde ekologistek Greenpeaceri zuzendutako SOS deiaren ondoren, talde ekologista hainbat egunez egon da inguru horretan, Caparrosoko haztegiak (Valle de Odieta, S.C.L. enpresarena) eragindako ingurumen inpaktua dokumentatzen. Inguruko bizilagunen eskutik, minden isurketa masibo berriek ingurumenean duten eragin larria frogatu ahal izan duela ziurtatu du Greenpeacek. Antolakundeak tokian bertan neurtu ditu inguruko uretako nitrato mailak, eta kutsadura zenbait puntutan kezkagarria dela frogatu duela azpimarratu egin du.
Greenpeacek adierazi duenez, abeltzaintza-eredu horrek, bere inguruari onura minimoak ekartzen dizkiola eta aldiz, ingurumenean eta baliabide naturalengan inpaktu handiak sortzen dituela. “Baina horrez gain, haztegi hau jarduera txar ugari erakusten dituen enpresa baten esku dago. Honek ingurumen-arloko arau-hausteengatik hamar zehapen-prozedura baino gehiago pilatzen ditu eta isurketa horiekin jarraitzen ingurumen kalte jarraituak sortuz”.
Hori dela eta, Greenpeacek Nafarroako Gobernuari eskatu dio berehala geldiaraz dezala haztegi handi hori. Nafarroako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak analisi egokiak egin behar dituztela uste du Greenpeacek, makro haztegiaren inguruko uraren kalitatea zehazteko; izan ere, Martzillako ur kalitatearen kontrol estazio ofizialak ez ditu nitratoak neurtzen, eta Funesekoa, aldiz, nitratoak neurtzen dituen arren, oso urrun dago kutsadura gunetik. Honela, jarraipen estazio hauen bidez ezinezkoa da kutsadura gertakariak detektatzean eta Greenpeacek detektatu dituen nitratoen kutsadura-maila kezkagarriak berrestea.
“Ekozidio baten aurrean gaude. Valle de Odietak ingurumenarekiko duen axolagabekeria iraingarria da” esan du Luís Ferreirimek, Greenpeace Espainiako nekazaritza-arduradunak. “Ulertezina da enpresak, ingurumenaren aldetik dituen arau-hausteen aurrekariak kontuan hartuta, funtzionatzen jarraitzea. Enpresaren ingurumen-delituen curriculumak aski izan behar luke ate guztiak ixteko”.
Simaurrez betetako sakanak
Greenpeacek ikusi ahal izan duenez, enpresa haztegitik hurbil dauden lur sailak, ustiapeneko hondakin zabortegi gisa erabiltzen ari da. Minda isurketa handiak egiten ari da enpresa eta kasuren batean Aragoi ibaira zuzenean iritsi da. Gainera, Babes Bereziko Eremuei eragiten die.
Animalien gorotzak oso aberatsak dira nitratoetan, eta kopuru izugarrietan ekoizten direnean, industria-abeltzaintzan gertatzen den bezala, eta kontrolik gabeko lurretako isurketak pozoi bihur daitezke lurzoruentzat, urentzat, bai eta izaki bizidun askorentzat ere, pertsonak barne.
Bost aldiz handiagoa den akatsa
Valle de Odieta enpresak proiektu bat aurkeztu du Noviercasen, Gaztela eta Leonen beste makro haztegi bat sortzeko. Proiektua onartuz gero, Caparrosokoa baino bost aldiz handiagoa izango litzateke. “Valle de Odietak ahoa bete du Noviercas-entzako bere proiektua interes orokorrekoa dela esateko, baina Caparroson bere praktika txarren ondorioz funtsezko ondasun komun bat, ura, kutsatuta dago. Gehiago, azkarrago eta merkeago produzitzea besterik ez dute buruan. Ez zaizkie axola beren jarduerak ingurumenean edo osasun publikoan dituen ondorioak”, esan du Ferreirimek.
Ingurumen-arloko talde ekologistak adierazi du Espainiak aurre egin behar diela abeltzaintza industriala sortzen ari den ingurumen-, osasun- eta gizarte-arazoei. “Lehenengo urratsa da proiektu berriak ez baimentzea, ezta lehendik daudenak handitzea ere, hala nola Noviercas eta Caparroso, hurrenez hurren”, dio Greenpeacek.
Aldi berean, intentsiboan ustiatutako azienda kopurua murrizteko prozesuari ekin behar zaiola adierazi du, eta abeltzaintza ekologikoa eta estentsiboaren aldeko apustua egiten du Greenpeacek.