BM supermerkatuetako garbitzaileak, bi nomina kobratu gabe eta lanean

LAB sindikatuak ohartarazi nahi du BM kateko Nafarroako supermerkatuetan ari diren garbitzaileen egoeraz, DAI 96 enpresak bi hilabete baitaramatza haien nominak ordaindu gabe. LABek uste du BM supermerkatuek esku hartu beharko luketela eta behar diren urratsak egin beharko lituzketela "langile horiek garaiz eta formaz kobratzea lor dezaten".

2023-ko ekainak 12

LAB sindikatuak salatu duenez, DAI 96 enpresa “berandu eta gaizki” ari da oradintzen bere langileen nominak, eta gainera ez dizkie bidaltzen. “Jokabide txar horri orain gehitu zaio apirileko eta maiatzeko soldatak oraindik ordaindu gabe dituela. Langileek kobratu zuten azken nomina —hogeita hamar inguru dira Nafarroan— martxokoa izan zen, apirilaren 15ean kobratua”. Horren ondorioz, hainbat salaketa jaso ditu enpresak.

DAI 96 enpresa ere salatu izan dute lan-harremanen arloan, langileei Nafarroako eraikin eta lokaletako garbiketa sektoreko hitzarmen kolektiboa aplika dakien, eta ez Bizkaikoa. “Izan ere, nahiz eta enpresaren zuzendaritza-egitura Getxon dagoen, langileek Nafarroan egiten dute lan, eta ez Bizkaian”, aipatu du LABek.

LAB sindikatuaren iritziz, DAI 96ren bezeroak —hau da, BM supermerkatuak— “erantzukizun subsidiarioa” du langile horiekin. “Ondorioz, LABek dei egiten dio BMri neurri egokiak har ditzan, langileek egindako lanagatik dagokiena kobratu dezaten, eta, gainera, enpresa honekin duen kontratua bertan behera utz dezan, denbora eta moduetan ordainduko dien bertze batek subrogatu ditzan.”

Gehiago