Bihar Iruñean etxegabetze bat saihesteko deia egin dute
Bihar asteazkena goizeko 9:00etan, emakume baten etxegabetzea aurreikusita dago Iruñeko Alde Zaharreko San Lorenzo kaleko 17. zenbakian. Alokairu-kontratua amaitzearen ondoriozko etxegabetzea litzateke, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak esan duenez. Etxejabe handi batek bultzatu du etxegabtze hau. Jabe horrek gutxienez zazpi etxebizitza ditu eraikin horretan, eta beste hainbat pisu ere baditu beste eraikin batzuetan.
2025-ko ekainak 3

Ana Belen 57 urteko emakume bat da, eta oso egoera larrian dagoela dio Sindikatuak. % 75eko desgaitasun aitortua dauka, eta minbiziaren aurkako tratamenduan dago. Pisu honetan bizi da 2016tik, eta gaur egun bikotekidearekin bizi da. “2021. urtearen amaiera aldera hasi zen haren aurkako prozedura judiziala: ez-ordaintze bakar bat ere izan ez arren, jabeak ez dio alokairu kontratua berritu nahi. Edonola ere, 2022ko otsailean prozedura behin behinean gelditu zen, Ana Belen etxegabetzeen moratorian sartu zutenean, osasun eta zaurgarritasun arrazoiengatik”, jakitera eman dute.
Aurten, ordea, moratoriatik kanpo utzi dute bi «bizileku alternatiba» baztertu omen dituelako. Horrek prozesua berraktibatu du, eta oraingo etxegabetze-data ekarri du. “Epaitegiak kontuan hartzen ez duena da ustezko alternatiba horiek egoitzetako egonaldiak zirela, eta horrek inondik ere ez die erantzuten Ana Belenek etxebizitza bat izateko dituen beharrei, ezta 10 urtez bere etxea izan den horretan egoteko duen eskubideari ere. Eta, bestalde, alternatiba horiek ez dituzte behar bezala jakinarazi, eta hala, Ana Belenek ez du aukerarik izan alternatibak «baztertzeko» ere”, salatu dute.
Instituzioek “abandonatu egiten dituztela ustez babestu beharko lituzketen pertsonak” ere salatu dute. “Ana Belenen kasua barne hartu beharko lukeen etxegabetzeen moratoria luzatzea bermatu beharrean, edo kalitatezko etxebizitza alternatiba eskaini beharrean, maizterrari egozten diote bere egoeraren ardura, eta negoziatzeari uko egiten dion etxejabe handi bati hura kalera botatzeko aukera ematen diote”.
Etxejabearen inguruan hainbat datu eman ditu Sindikatu Sozialistak: gutxienez zazpi etxebizitza ditu eraikin horretan, eta beste hainbat pisu ere baditu beste eraikin batzuetan. Gainera, jabe gisa dituen funtzioak albo batera uzten dituela ere salatu dute “ez baititu bere gain hartzen hari dagozkion konponketa eta erreformen ardura”. Esatebaterako, Ana Belen ur berorik gabe bizi da gaur egun. Kontuan izan behar da pisu zaharra dela, 6. solairu batean eta igogailurik gabe.
“Egoera honen aurrean, etxegabetze hau berehala etetea exijitzen dugu. Ana Belenek eskubide osoa du bere etxean bizitzen jarraitzeko. Nahikoa da: ezin dugu onartu hainbat eta hainbat etxe dituzten jabeek beren maizterren bizitzarekin jolastu ahal izatea, jabetza pribatuak ematen dien boterea dela eta; ezta etxegabetzee moratoria, ustez honelako egoerak aldi baterako eteteko balio behar zuena, ezin konta ahala aitzakiarengatik aplikatzeari uztea. Beste behin ere, etxebizitzaren negozioa gailentzen da, etxebizitzarako sarbide unibertsalaren gainetik”.
Bihar goizeko 7.30etatik aurrera elkarretaratzera deitu dute San Lorentzo kaleko 17. zenbakian etxegabetzea geldiarazteko.
