Bidelagun Fundazioa sortu du ELAk lan istripuen aurkako borroka eta prebentzioa lantzeko

Bidelagun Fundazioa sortu du ELAk lan prebentzioan eraginkorragoa izateko eta Nafarroako enpresetan urtean gertatzen diren 11.000 istripuak murrizteko. Espezializazioa eta berrikuntza juridikoa tresna izango dira “enpresentzat garestiagoa izan daitezen istripuak edo gaixotasunak prebentzio neurriak baino”.

2022-ko maiatzak 24

ELAk Bidelagun Fundazioa sortzea erabaki du, izaera propioarekin, eta enpresek lan osasunean egiten dituzten hausteei modu eraginkorragoan erantzuteko tresna izango da. Saioa Urrizak, eskualde arduradunak, eta David Penak, Bidelaguneko abokatuak, gaur eskainitako prentsaurrekoan azaldu dute 20 pertsona hil ziren 2021 urtean lan istripuetan Nafarroan; gainera, heriotza horietako bakoitzeko beste 35 heriotza gertatzen dira gaixotasun profesionalen ondorioz. Kopuru hori “onartezina” dela dio ELAk “eta ez du behar besteko alarma sortzen enpresa munduan”. “Argi dago – adierazi dute– enpresak prebentzioaz arduratzen hasiko direla istripuak prebentzio neurri horiek baino garestiagoak zaizkienean”.

Helburu horrekin, prestakuntzaren eta kalte ordainen bidez lan osasunean lorpen eraginkorrak lortzea da ELAren xedea Bidelagun Fundazioarekin. Durangon izango du egoitza nagusia, Hego Euskal Herriko kasuei heltzeko.

Bidelagun Fundazioaren sorrerarekin ELAk  bilatzen du bizitzarako eta osotasun fisikorako eskubidearen defentsa are eraginkorragoa izatea. Sindikatuaren hitzetan, norabide horretan urrats handiak eman dira azkenaldian. “Amiantoaren eta silizearen kasuan, ELAk kalte ordain handiak jaso ditu Tafallako Fagor Ederlan eta Sunsundeguin, besteak beste, lan egin zuten hildakoen senideentzat. Duela gutxi, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak %40ko errekargua ordainarazi dio Tafallako Fagor Ederlani biriketako minbizi baten ondorioz hildako Victorio Luzuriagako langile ohi baten emaztearen alarguntza-pentsioaren alde”.

Nafarroan egunero 30 pertsonek baja hartzen dute lan istripuengatik, arazo psikosozialak dituzten milaka pertsonez gain. ELAk arlo horretan “konpromiso sendoa” hartuko duela adierazi nahi izan du gaurko agerraldian. Saioa Urrizak ohartarazi du, beraz, prebentzio eta lan osasunari lotutako neurriak hartu ez, eta langileei kalteak eragiten dieten enpresei “garestiago aterako zaiela neurri horiek ez betetzea istripuak izatea baino”.

Gehiago