Beste bi langile hil dira azken egunetan Nafarroan, LAB sindikatuak jakitera eman duenez
LAB sindikatuak jakitera eman duenez, joan den ostiralean, apirilaren 30ean, kamioilari bat hilda agertu zen Volkswagen faktoriako hornitzaileen aparkalekuan, Landabenen (Iruñea). Eta gaur bertan ere jakin dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalean garbitzaile bat hil zela asteartean. Beraz, dagoeneko 25 lagun hil dira lanean, 2022an. "Langile klasearen odolusteak" etenik ez duela dio sindikatuak.
2022-ko maiatzak 5
LABen datuen arabera, Volkswageneko ekoizpen katean pieza batzuk falta zitzaizkiela ikusirik, kateko langileak enpresa hornitzailearekin jarri ziren harremanetan, eta honek bere kamioia geolokalizatu zuten. Ondoren, Foruzaingoak kamioilaria hilik aurkitu zuen, bere lanpostuan. “Ez dakigu zehazki zenbat denbora igaro zuen langileak bertan. Dakiguna da pieza batzuen falta izan zutelako topatu zutela hilotza, ez langilearen falta sumatu zelako”, dio sindikatuak.
LABek galdetzen du nola den posible ekoizpen sistema “lan baldintza prekarioetan oinarritzea”, zenbat egun zeramatzan lanean garraiolaria eta ea betetzen zituen zegozkion lan osasunerako arauak edota ea egiten zitzaion lan osasunerako Europan araututako jarraipen medikoa. “Garraioaren aktibitatea sakonki prekarizatua dago Europa osoan: lan egun luzeak, autonomo faltsuak, azpikontratazioa, banatze epe laburrak… Langilearen heriotzaren arrazoi ez traumatikoak ziurrenik zerikusia izanen du faktore psikosozialekin, sistematikoki patronalak gutxiesten duen faktore horrekin hain zuzen” dio LABek.
“Gure ekoizpen sistema, gure sozioekonomia lurralde pobreetako lan baldintza prekarioetan oinarritua dago. Horixe da kapitalismoaren beraren funtsa. Horixe da irauli behar duguna, izan ere, kapitalismoak gauza guztien aurretik jartzen du kapitala, baita bizitzaren aurretik ere”, jarraitzen du sindikatuak.
Volkswagen enpresari kontratuetan bere bezero eta hornitzaileei lan osasuneko araudia betearaztea dagokiola uste du LABek. “Borondate aktiboa besterik ez da behar horretarako. Hau da patronalari dagokion ardura bai legalki eta bai zor historiko gisara”.
Garbitzaile bat hilik ospitalean
25. biktimaren berri ere izan du LABek gaur, aurten hiltzen den 5 langilea Nafarroan. Maiatzaren 3an, 20:30 aldera, Maju garbiketa enpresako 62 urteko langile bat Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko aldageletan hil zen, Iruñean. Heriotzaren arrazoiak ikertzen ari dira oraindik. “Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institututuak zein Lan ikuskaritzak euren gabezia larriei konponbidea jarri behar diete. Eta ezagunak diren arrisku gune eta egoera jakin horietan beharrezko kontrol neurriak paratu behar dituzte”, dio LABek.
Nafarroako Gobernuari ere ardura jartzen dio sindikatuak. “Ikuskapenen aurrekontua modu esponentzialean indartu behar du dagokion tresnak erabiliz. Era berean, ogasunaren ahalmena erabiliaz, beharrezko tresnak ezarri behar ditu lan osasun arauak betetzen ez dituzten enpresei hobariak kentzeko. Kontratazio publikoari dagokionez, bai Gobernu eta udalek lan osasunerako pleguak jaso behar dituzte arau hausteak irmoki zigortzeko. Langileon osasuna dago jokoan”.
Azkenik, LAB sindikatuak, bere elkartasuna adierazi nahi izan die bi hildakoen senide, lankide eta gertukoei, eta langileei, azken bi heriotza horiek salatzeko antolatuko diren protesta ekitaldietan parte har dezaten.