Beste bi greba egun egingo dituzte Nafarroako adinekoen zentroetan lan hitzarmen duin baten alde

ELAk, UGTk, LABek eta CCOOk grebara deitu dute martxoaren 24an eta 31n, Nafarroako adinekoen arretarako lehen hitzarmenaren azken bilerek ez dutelako lan-baldintza duinak eta kalitatezko zerbitzua bermatzeko balio izan

2022-ko martxoak 18

Sektorean ordezkaritza handiena duten lau sindikatuek (ELA, UGT, LAB eta CCOO) beste bi greba deialdi iragarri dituzte martxoaren 24 eta 31rako adinekoen arretaren sektorean.

Sektore horretan 4.500 pertsonak baino gehiagok egiten dute lan, Nafarroako 70 zentro ingurutan banatuta. Sindikatuen gogoratzen dutenez “mendekotasuna sektore estrategikoa da, gero eta garrantzitsuagoa. Horregatik, beharrezkoa da administrazio publikoek beren gain hartzea kalitatezko zerbitzuak emateko duten erantzukizuna, eta mendekotasunaren sektorea babestea, adinekoen eta mendeko pertsonen arretaren zerbitzuarekin bateraezinak diren enpresa-ereduen aurrean”.

Negoziazio mahaiko lau sindikatuek argi dute “lan-baldintza duinek soilik ziurtatzen dituztela zerbitzu duinak eta kalitatezkoak”, eta horregatik hasi ziren 2021eko maiatzean Nafarroako hirugarren adinekoen zentroen sektoreko lehen hitzarmena hitzartzeko negoziazioak.

“Hirugarren adinekoei arreta emateko Nafarroako lehen hitzarmenaren inguruan izandako azken bilerak negoziazioa blokeatuta dagoela oraindik erakutsi zuen: patronala, negoziaketan jarrera aktibo bat izatetik urrun, ikusle soil gisa mantentzen da, eta Nafarroako Gobernuak ez du bere gain hartzen diru publikoarekin oinarritutako sektore batean duen erantzukizuna”, esan dute sindikatuek ohar batean.

Egoera horren aurrean, ELAk, UGTk, LABek eta CCOOk borrokatzen eta presioa egiten jarraitzea erabaki dute, hitzarmen duin bat lortu arte. Horregatik, beste bi greba egun deitu dituzte martxoaren 24 eta 31rako. “Mobilizaziorik gabe ezingo da aurrera egin zaintza eredu publiko, duin, unibertsal eta doakorantz”, azpimarratu dute.

Gehiago