Beste 8 torturatu ofizialki aitortu ditu Nafarroako Gobernuak
1970 eta 2009 artean Nafarroan torturatutako beste 8 pertsona ofizialki aitortu ditu Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak 16/2019 Foru Legearen babesean.
2026-ko maiatzak 26

Aitortu dituzten pertsonak torturak jasan zituzten Espainiako Polizia eta Guardia Zibilaren eskutik. Kepa Vales Garcia, Brigada Politiko Sozialak atxilotu eta torturatu zuen 1970 eta 1971ean. Paco Sola Díaz, Espainiako Polizia Nazionalak torturatu zuen bitan: 1975an eta 1982an. Pello Iraizoz González eskultore ezaguna, Guardia Zibilak atxilotu eta torturatu zuen 1988an.
David Abarzuza Caballero, bitan atxilotua izan zen bi urtetan: 1996an Guardia Zibilak eta 1997an Polizia Nazionalak. Bietan tortura eta tratu txarrak jasan zituen. Iñaki Urteaga Arduya eta bere anaia Gorka, 2000an atxilotu eta torturatu zituen Guardia Zibilak. Indar polizial berak atxilotu eta torturatu zuen Xabier Sagardoy Lana, 2008an. Urte bat beranduago, Espainiako Polizia Nazionalak Amaia Elkano Garralda torturatu zuen.
Errekonozimendu eta Erreparazio Batzordeak aste honetan eman dituen zortzi aitortza berriak positiboki baloratu ditu Nafarroako Torturatuen Sareak eta Egiari Zorrek osatzen duten Egiaren garaia da dinamikatik. “Ebazpen hauek urrats garrantzitsua dira estatu-indarkeriak gure lurraldean izan duen eragina agerian jartzeko, eta urte luzez ukatu edo isilarazi diren errealitateak aitortzeko.
Hala ere, argi adierazi nahi dugu Nafarroan eta Euskal Herri osoan Estatuak eragindako giza eskubideen urraketa larriak argitzen jarraitzea ezinbestekoa dela, egia, justizia, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak eta memoria osoa oinarri izango dituen etorkizuna eraiki nahi badugu”. Azpimarratu dute Errekonozimendu eta Erreparazio batzordeak ofizialki aitorturiko zortzi pertsonak torturak jasateagatik aitortu direla “giza eskubideen urraketen biktima” modura.
Dagoeneko, 137 biktima aitortu dituzte
Ebazpen hauekin 137 pertsona dira jada orain arte Foru Lege honen esparruan indarkeria politikoaren biktima bezala aitortutako pertsonak, Egiari Zor eta Torturatuen Sarean emandako datuen arabera. Horien artean hildakoak daude, 100 torturatu baino gehiago, zauritutako pertsonak eta kalte materialak jasandakoak.
Egiari Zor Fundazioak eta Torturatuen Sareak Nafarroan Estatuaren indarkeria politikoa jasan duten pertsona guztiak aitortza-eskaerak aurkeztera animatzen dituzte, eta izapideak egiteko laguntza behar duten pertsona guztiei laguntzeko prest daudela berretsi dute. Eskaerak aurkezteko epea 2027ko uztailean amaituko da.
