Baroiak kanpora!
2015-ko martxoak 6
Ez da kasualitatea, kausalitatea baino. Eta ez naiz zientziaz ari. Etxetik atera eta emakume baten irudi publizaitario bati begiratu diot. Ondoan koadrilako graziosoak betiko komentarioa bota du "emakume puska" omen beretzako. Ez nau harritu eta aurrera jo dut, Corte Ingleseko manikiarekin topo egiteraino. Parez pare gaude 3 emakume manikiei begira, daramatzaten arropak nola geldituko zitzaizkigun pentsatzen jarri gara. Buruhausteak dantzan jarri dira orduan, kiloak argaltzeko pentsamenduekin edota frustrazioetan erortzeko ideiak eraikitzen… Gorputz estereotipatuek edo eredu anorexikoek irudimena kutsatu digutenaren seinale.
Ez gara neurri zehatz edo kanon konkretuei begira sortzen diren silueta soilak, gorputzak gara, norberak zaindu beharrekoak; inori begira edo besteen begietara zer izango garenak baldintzatu beharko ez gintuzkeenak. Okerrena da, komentario eta pentsamenduak oharkabean pasatzen direla, pasatzen uzten ditugula, emakumeen gorputzak objetu direla asimilatzen jarraitzen dugun bitartean. Amorratu zaitez zu zeu ere!
Sistema heteropatriarkarraren hatzaparrek ongi aski errotuta dituzte tresnak, egunerokoak bahitu gaitzan eta berdintasunaren jendartearen parte garela sinets dezagun. Gazteon kasuan teknologia berrien eraginez beldurgarria da harremanak garatzeko dugun era, lagun birtualek harreman pertsonalak betetzen baitoaz. Esango nuke harreman sareak infinitoak direla baina zailtasunak izango nituzke lagunen definizioa bilatzerako orduan. Watsappak edo facebookak erraztasunak ematen ditu lagunak egiteko hala kontrolerako? Ikusgarria da, egoera hau bikoteetara estrapolatu eta batak bestearekiko sor dezakeen kontrola. Beste behin, zapaldu eta zapaltzailearen dikotomiara garamatza; eta kasu, harreman ereduaz gaindi bereziki emakume gazteen egoera okertzen du, norbanakoarengan deskonfiantza sorraraziz, harremanak horrela direla onartuz. Menpekotasun honek iniziatiba edo autoestimua xurgatzen dizkigu, beste norbaitek gure erabakiak hartzen ditu bitartean. Aski da! Konturatu gabe pasatzen direnak ezin ditu haizeak eraman, gazte eta emakume gara, gure buruen jabe, guk gurea erabakitzeko gai gara.
Hitz potoloak botatzen dituzten politikariek ordea pasibo nahi gaituzte emakumearen eskubideak defendatzen dituztela jendartea konbentzitzen saiatzen dira gainera, hori aurpegia! Benetako jendarte parekide baten beldur dira, bestelako egoera batean beraien boterea galduko duten beldur. Onartzen dizuet, ez dudala instituzioetan boterea eskuratzen duen edonork nire eskubideekin nahi duen modura jolasterik. Gaurko legediari erreparatuta topatu ditzakegu kriston kontraesanak: ama izateko eskubidearen adinean, erlazio sexualak izatearenean edota abortatzeko eskubidean. Arduragabekeriz jolasten duzue, komunikabideetan ongizatearen ideia nork hobeki salduko duen. Zuek ahalguztidunak!
Niri aldiz, beste hainbati bezala, horrek ez dit axola. Hemen pertsonen eskubideak bermatzen ez diren bitartean eta pertsona bizitzaren oinarria ez den bitartean, herri hau ez da libre izango, ez gara aske izango.
Izan dadila egunero martxoak 8, nazkatuak baikaude politikagintzan eta gure bizitzen inguruko erabakiguneetan emakumeak ez topatzeaz, Barcina eta Merkel bezalako baroiak baizik.