Barañaingo jaiak eraso sexistarik gabeko ospakizunak izateko protokoloa martxan jarriko dute jaigunean
2025-ko ekainak 23

Barañaingo jaiguneko eraso sexisten aurkako protokoloa aurkeztu dute. “Hilabete luzez hamarnaka bizilagun lanean aritu gara, Barañaingo jaietan jaigune hau aurrera atera eta bertan eskainiko dugun eskaintza antolatzen. Sinisten dugulako, ohiko jaietako eskaintzaz gain, gure herriaren beharrak eta nahiak kontuan hartuta, jai parte hartzaile, ireki eta pluralak antolatzen egiten diogula mesederik handiena gure herriari”, diote jai herrikoien antolatzaileek.
Bizilagun guztiek gozatzeko jaigunea izango dela ziurtatu dute, auzolanean antolatuko direnak eta modu seguruan disfrutatuko direnak. Horretarako protokolo bat jarriko dute martxan. “Jaiguneak, batik bat, erasorik gabeko gunea izan behar du, askatzailea, sortzailea eta errespetuzkoa, non pertsona guztiak sartzen diren, eta auzolana eta bizikidetza dituen guztiaren oinarri. Zoritxarrez eta aurreko urteetan ikusi dugun bezala, oraindik ez dugu guztiok jaietaz seguru eta aske gozatzea lortu, eta horrek behartzen gaitu oraindik ere erasoen aurkako protokoloan lan egitera”.
Herriko jaietan eta jaigunean eraso ezberdinak ematen direla nabarmendu dute. “Emakume* eta transmaribibollook sistematikoki pairatzen dugun zapalkuntza cisheteropatriarkalak forma berezitua hartzen du jai-espazio eta jaigiroetan, eta esplizituagoa da egoera jendetsuetan, informaletan, gehiegikeria nabari denean… Baina eraso matxistak eta beraz, erasotzen duten gizonak ez dira kasu isolatuak, sistematikoak baizik: patriarkatua sistemikoa baita”.
Jaigunean mezu argi bat helaraziko zaie erasotzaileei: “ez zarete ongi etorriak, ez badakizue egoten, ez etorri. Ez dugu inolako erasorik onartuko, ez hemen, ez inon”. Eta gizonei, eskaera bat: “har ezazue ardura, ez erasotu, sor itzazue baldintzak zuen inguruko eta jaiguneko gizonek erasotu ez dezaten. Ez babestu zuen lagun erasotzaileak. Ez izan konplize”.
Erasotua den pertsona orori laguntza, akonpainamendua eta bestelako tresnak eskainiko zaie. “Jaietan zehar erasoen berri emateko gerturatu egunero jaigunean bertan izango den puntu morera edo morez jantzita egongo diren kide feministengana. Neska, marika, trans, bollera, lagun zein ezezagun, ez zaudete bakarrik. Autodefentsa feministaz erantzungo dugu”.