Azken lan istripua salatu dute Nafarroako Gobernuaren aurrean

LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru eta CGT sindikatuek mobilizazioa egin dute gaur Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitza anagusiaren parean eta “Bizia galdu gabe, eraikuntzan lan egin” lelopean, joan den astelehenean Andosillan eraikuntzako langile bat altuera handi batetik erorita hil zela salatzeko. Sindikatuek eraikuntzako lan baldintza txarrak salatu dituzte eta adierazi dute Andosillakoa bezalako istripuak saihesten ahal direla.

2023-ko apirilak 5

Sindikatuotako ordezkariek hedabideei eginiko adierazpenetan erran dute heriotza honek frogatzen duela segurtasun-neurriek huts egin dutela edo, zuzenean, ez zegoela halako neurririk. “Gogora ekarri nahi dugu iaz Euskal Herrian 11 langile hil zirela altueratik erorita, eta aurten dagoeneko hiru direla”, esplikatu dute. Andosillakoarekin, Nafarroa Garaian 2023an bi langile hil dira gaurgero.
Sindikatuen ustez, Andosillako heriotza saihets zitekeen. “Onartezina da, hain maiz gertatzen den lan-istripu mota honen aurrean, berriro gerta ez dadin behar diren bitartekoak ez jartzea”, gaineratu dute. “Horregatik, Nafarroako Gobernuaren aurrean mobilizatu gara gaur, agerikoa baita erakundeek (Lan Ikuskaritzak, Nafarroako Lan Osasunaren Institutuak, gobernuek…) ez dutela jarduera horien gaineko kontrolik. Enpresek ez dute prebentzioaren legea betetzen, eta erakundeek beste alde batera begiratzen dute. Beharrezkoa da enpresaburuek lan-istripuen aurrean duten inpunitatea amaitzea. Segurtasun eta prebentzioneurriak betetzea eskatzen dugu”.Era berean, eraikuntzaren sektoreko lan-baldintza txarrak salatu dituzte sindikatuek. “Lanaldi luzeak, azpikontratazioa, autonomo faltsuak, prestakuntzarik eza, prebentzio-baliabiderik eza… Ez da kasualitatea eraikuntzako sektorean hainbeste lan istripu gertatzea. Prekaritatea, esplotazio-modu bat izateaz gain, laneko heriotzak eragiten dituen arrisku-faktore bat da. Eraikuntzan lan egitea ezin da bizitza galtzearen sinonimo izan. Eraikuntzan lan seguru eta duina eskatzen dugu”.
Bukatzeko, sindikatuetako ordezkariek adierazi dute mobilizatzen segituko dutela, prekaritatea salatzeko eta prekaritateak sortzen dituen lan istripuen gaineko erantzukizunak salatzeko.

Gehiago