Azken lan istripu hilgarria salatu dute sindikatuek, Nafar Gobernuari neurriak har ditzala eskatuz

LAB, Hiru, ESK, STEILAS, EHNE eta CGT-LKN sindikatuak alde batetik, eta ELA bestetik, elkarretaratzeak egin dituzte pasa den astean Santakaran lan istripuz hil zen garraiolaria gogoratzeko eta bere heriotza salatzeko. Sindikatuek gogoratu dute azken hilabetean 4 izan direla hil diren garraiolariak lan istripuz Hego Euskal Herrian.

2023-ko maiatzak 9

Joan den ostiralean garraiolari bat hil zen Santakaran (Nafarroa), N-5330 errepidean gertatutako istripuan. Goizaldeko ordu biak aldera, kamioia errepidetik irten eta irauli ostean, gidaria (O.S.Z), 59 urteko Kaparrosoko gizonezkoa unean bertan zendu zen.

Gaur, azken lan istripu hilgarri hori salatzeko, sindikatuek hitzordua zuten. LAB, Hiru, ESK, STEILAS, EHNE eta CGT-LKN sindikatuak alde batetik, eta ELA bestetik. Baina guztiak Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean, neurriak hartzeko ardura norena den argi azpimarratuz.

Gogoratu dute azken hilabetean lau garraiolari hil dira Hego Euskal Herriko errepideetan, eta iaz 11 izan ziren guztira hildakoak. “Datu horiek ez dira inolaz ere kasualitatea. Sektoreko langileek pairatzen dituzten desregulazioak eta eskubide ezak lotura zuzena dute ezbehar tasaren igoerarekin, eta lana galtzeko beldurrez jasan behar izaten dituzten gehiegizko jardunaldi, ordutegi, presa eta pisuek gidarien osasuna eta bizitza arriskuan jartzen dute etengabean”, salatu du ELAk.

Egoeraren larritasunaren aurrean  “enpresaburuen eta Nafarroako Gobernuaren inpunitatea eta konplizitatea onartezinak” direla azpimarratu du ELAk. “Haien helburua garraio zerbitzu ahalik eta merkeena lortzea da, edozein preziotan. Lan-osasunean ere, oro har, patronala eta Gobernua eskutik doaz. Duela egun gutxi, dirulaguntza publiko handiak jasotzen dituen Sunsundegui enpresa amiantoarekin aritutako langile baten heriotzagatik kondenatua izan da. Txibite andrea pozik agertu da enpresaren azken negozioagatik baina, zer du esateko zigor honen inguruan?”

Gehiago