AZ ekimenak ez du begi onez ikusten terrazen handitzea eta adostasuna bilatzeko deia egiten du

AZ Ekimenak arbuiatzen du Alde Zaharrean terrazetara bideratutako espazio publikoa gehiago zabaltzea eta gogoeta eta adostasunerako deia egiten du irtenbide jasangarriak lortzeko bidean

2020-ko maiatzak 10

Pandemia baten erdian gaude. Mendebaldean aurrekaririk gabeko osasun krisia bizitzen ari gara, horrek hildako pertsona asko eragin ditu eta gure bizimodua erabat aldatu du: mugikortasuna, kontsumoa, osasuna, hezkuntza, ekonomia… eta baita pertsonen arteko harremanak ere. Agian, gure lehen lana guzti honen inguruan hausnartzea izan daiteke, adituek diotenez, egoera hau ez baita igarokorra izango. Ziurrenik, gure ohitura eta baloreak aldatu beharko ditugu, eta horrek, eragin handia izango du epe motz-ertainean.

Hilabete hauetako lehentasuna pertsonen bizitza salbatzea izan da eta horretan jardun dugu biztanleriaren gehiengoak. Miresgarriak dira auzo guztietan, eta baita Alde Zaharrean ere, sortu diren zaintza sareak.

Osasun arazoa pixkanaka txikitzen ari dela ematen duen honetan, krisiaren beste ondorio batzuk indarrez azaltzen ari dira, ekonomikoa adibidez. Lan postu asko galtzeko arrisku larria dago eta , ziurrenik, sektore batzuk ezin izango dute euren jarduna orain arte bezala egin.

Ez da erraza izan eta badirudi ez dela erraza izango, baina irmoki uste dugu gobernuek pertsona guztien bizitza eta osasuna beste edozerren aurretik mantentzen jarraitu behar dutela.

Azken asteetan produkzio sektore ezberdinetan krisiari nola aurre egin azaltzen zuten hainbat berri entzun ditugu, tartean, ostalaritzari buruz. Alde Zaharra auzo berezia da hiriko erdigunea delako. Horrek azken urteetan eragin du auzokide, merkatari eta ostalaritzaren arteko oreka galtzea, azken horren mesedetan eta gertuko merkataritza eta auzokideen kaletan.

Hilabete hauetan bizi izan dugunaren irakaspenetako bat izan da ikustea zein garrantzitsuak diren auzo batu, arduratsu eta solidario bat (zaintza sareak “auzo egitearen” adibide bikainak dira) eta gertuko merkatarien sarea, normalean “auzoko dendak” deitzen ditugun horiek. Jakina, faltan botatzen dugu auzoan taberna, kafetegi eta jatetxeek betetzen duten sozializazio lana. Haietako asko auzoko bizimoduan inplikatuta daude eta bataz besteko handi batean langile autonomoak dira, krisiaren ondoriorik larrienak pairatzeko hautagaiak direnak. Zoritxarrez, azken urteetan, gero eta lokal gehiago ireki dituzte dirua egitea helburu bakarra duten “inbertsio funtsek”.

Zalantzarik gabe, berrogeialdian gehien errepikatu den nahietako bat hau izan da: “ea noiz elkartzen garen zerbait edateko edo bazkaltzeko”. Hori baita herri honetan zerbait ospatzeko dugun modua, baina baita lagun, lankide, ikaskide, senide eta abarrekin sozializatzeko ere eta ez dugu galdu nahi. Beste kontu bat da egoera berriak ez ote gaituen horretara behartuko…

Horren harira, ostalaritza sektorea laguntzeko hainbat proposamen aurkeztu dira. AZ Ekimenetik hausnarketarako eta adostasun zabalerako deia egiten dugu auzoko ostalaritzan lan egiten duten pertsonen lan postuak defendatzeko helburuarekin, baina ezin dugu ahaztu azken urteetan sortutako egoera ez zela jasangarria. Ezin da onartu kafetegi gisa sortutako hamarnaka lokal taberna bilakatzea (haietako asko gaueko ordutegiarekin) edota kale askotako auzokideek zarata etengabe pairatzea. Ez da onargarria establezimendu batzuk Alde Zaharreko plazetaz jabetzea (San Nikolas, Kontseilu, Udal plaza, Burguen plaza…), auzokideoi, eta bereziki txikienei, euretaz gozatzeko espaziorik gabe utziz. Plazak beti defendatuko dugun espazio publikoa dira, honenbestez, ez dugu uste, planteatzen ari diren bezala, irtenbidea terrazentzako espazio gehiago uztea denik.

Uste dugu administrazioaren betebeharra dela bermatzea kaleak eta plazak pertsona guztien gozamenerako izatea. Hori, inplikatutako sektore guztien parte hartzearekin egin beharko litzateke. Ostalaritzari lagundu behar zaio lan postuak mantentzen bidezkoagoa den beste modu batean.

Gehiago