AZ ekimenak aparkatzeko arazoa bere horretan segitzen duela salatu du

Arrotxapean zonalde urdina ezarri zenetik aparkatzeko zailtasunak areagotu direla ziurtatzen dute.

2020-ko otsailak 11

Lehenengo eremuko egoiliar txartela dutenen aparkatzeko arazoez jarduteko batzar bat deitu genuen urtarrilaren 24an Plazara gune komunitarioan. Bertan, ehun lagun baino gehiago bildu ginen. Batzarrak hainbat puntu izan zituen: alde batetik, AZko mugikortasun taldetik Udaleko mugikortasun zinegotziarekin izandako bileraren berri eman genuen; bestetik, saiatu ginen auzokideen artean sortutako zalantza eta zurrumurruak argitzen; azkenik, bizilagunen ekarpen eta zalantzak jaso genituen Fermin Javier Alonso zinegotzi jaunari posta elektronikoz igortzeko asmoz. Aipatutako posta urtarrilaren 29an bidali genion, batzarrean ateratako proposamen, zalantza eta bilera eskaera batekin.

Mugikortasun alorretik ez ziguten inongo erantzunik eman, baina urtarrilaren 31n prentsaurrekoa deitu zuten guk planteatutako hainbat gairi modu positiboan erantzunez. AZko Mugikortasun taldean pozten gara auzokideen eta udalaren arteko zubi lana bete dugulako. Horrekin batera, udalak hartutako neurrien balorazioa egin nahi dugu:

    Alde Zaharreko eta Zabalguneko auzokideok Baluarte eta Blanca de Navarra parkinetan prezio berezia izateari buruz (gauez prezio murriztuan aparkatzeko aukera: euro bat gau bakoitzeko):

◦ Zinegotziarekin izandako bileran prezio murriztua egunez eta gauez izateari buruz hitz egin genuen, ez bakarrik gauez.

◦ Zalantza handiak ditugu neurri honen erabilgarritasunari buruz. Ordutegia oso murritza da (21:00etatik 09:00etara). Ez du hobetzen Arrotxapeko eremu laranajako ordutegia, bertan posible da dohainik aparkatzea 20:00etatik 08:30etara.

    Lehenengo eremuko egoiliar txartela dutenek Anelier pasealeku ondoko eremu laranjan aparkatzeko aukerari buruz:

◦ Positiboki baloratzen dugu. Hala ere, uste dugu egokiagoa izango litzatekeela zortzigarren eremu osoan aparkatu ahal izatea. Hain zuzen ere, horrela gertatzen da mugakide den bigarren eremuarekin.

◦ Arduratuta gaude inguru horrek jasan dezakeen saturazioa ostegun arratsalde-gauetan hasita eta asteburu osoan zehar.

◦ Bi kasu hauetarako zehaztu dugu datozen bi-hiru asteetan zer gertatzen den behatu, eta ostean, balorazio batzarra egingo dugula.

Ondorio gisa, Alde Zaharreko bizilagunok arduratuta jarraitzen dugu auzoaren inguruan aparkatzeko dauden zailtasunengatik. Hainbat arrazoi daude horretarako: alde batetik, Udaltzaingoak jarraitzen du Santo Domingo ikastetxeko ikasleak autoz jasotzera datozen gurasoen joan etorriak modu egokian antolatu gabe. Bestetik, udaltzainek duten zorroztasuna salatu nahi dugu markatutako eremuetatik kanpo, baina trafikoa oztopatu gabe, aparkatuta dauden egoiliar txartela duten autoekiko. Horrez gain, auzokideok kezkatuta gaude Alde Zaharreko hainbat proiektuk, nahiz eta auzoaren babesa izan, aparkatzeko arazoa areagotu dezaketelako Udalak irtenbide egokiak planteatzen ez baditu. Hala nola, Alde Zaharra oinezkoentzat egiteko prozesua, Arga inguruko berdegune berriak, Santo Domingoko baratzeetako azpiegiturak edota Anelier inguruan eraikin publikoak egiteko aukera.

Beraz, uste dugu garrantzitsua dela lanean jarraitzea etor daitezkeen gertaerei aurrea hartzeko.

Gehiago