Axioren bizia dokumental batean bildu nahi dute Sakanan

Axio Floresi buruzko dokumentala ekainarako prest izatea nahi du Axioren Lagunak Fundazioak. Ekimena crowfunding bidez finantzatuko da.

2015-ko urtarrilak 20

Pasa den larunbatean Axioren Lagunak fundazioak prentsaurrekoa eskaini zuten Ziordiko Udalean, proiektu baten berri emateko. "Axio zenari buruzko dokumentala egin nahi dugu. Egitasmo honen atzean gaude Axioren Lagunak Fundazioa, Ziordia eta Olaztiko lagunak, Arbizuko Udala, Arbizuko lagunak, Axioren familia eta aizkolariak eta gertuko lagunak" adierazi zuen Axioren Lagunak fundazioko Monica Etxebarri arbizuarrak. Prentsaurrekoan Axioren senitartekoak, lagunak, aizkolariak eta beste izan ziren.

Enara Insausti arbizuarrak egingo ditu dokumentaleko elkarrizketak eta bideogintza lanak. Pello Reparaz musikari arbizuarrak musika sortuko du eta lan guztiaren muntaketa Xabi Unanua irurtzundarrak hartuko du bere gain.

"Nik ez nuen harreman zuzena izan Axiorekin baina bere presentzia harrigarria zela argi dago. Harakin, sukaldari, mikrofonoa eskutan, aizkoran, ekitaldi solidarioetan… nabarmendu egiten zen pertsonaia zen. Gaixotu zenean sortu zen elkartasun olatua ere ikusgarria izan zen. Nola gertatu zen hura eta pertsonaren bizitza ere kontatu beharra zegoela pentsatu genuen. Kontatu, azaldu eta gorde. Izan ere, oso inportantea da memoria gordetzea eta lan hori guk egitea. Pertsona nabarmenen oroimena gordetzea, finean. Eta hori izan zen ideia: hurrengo generazioek ere jakin dezatela nor izan zen Axio" gaineratu du Monika Etxebarriak. Axio sakandar bezala figura inportantea izan zela gaineratu zuen arbizuarrak. "Arbizun jaio, Ziordian bizi eta Sakana osoan ezaguna izan zen, baita Euskal Herrian ere. Kanpora, Ameriketara ere joan zen gure kulturaren eta herri kirolen berri emateko. Omenaldia merezi zuen eta bere memoria betirako gordetzea" nabarmendu zuen Etxebarriak.

Axio, bihotz bat herriarentzat
Hitz horiekin abiatu zuen bere tartea Axioren lagun Olatz Irizar ziordiarrak. "2014ko ekainean hil zitzaigun. Hilabete batzuk pasatuta bere bizitzari buruz dokumentala sortzeko ideia sortu da, bere lekukotza gordetzeko. Belaunaldi berriei bere lana ezagutarazteko. Askorengan arrastoa zergatik utzi duen azaltzeko. Berak sakandarrago, euskal herritarrago eta solidarioagoa egin gintuen. Horrela, dokumentalean ume eta gaztetako kontuak bildu, bere konpromiso sozial eta politikoa gorde, kirolean egindako lana azaldu eta bere gaixotasunaren aurrean sortutako olatuaren berri eman nahi dugu" adierazi zuen Irizarrek.

Dokumentalean elkarrizketak jasoko dira gehienbat. "Ahalik eta jende gehienarengana hurbilduko gara eta haien testigantzak jaso" aipatu zuen. Enara Insaustik egingo ditu elkarrizketak. "Axio joan zela denbora gutxi pasa da eta askorendako gogorra izango da. Hortaz, eskerrak eman nahi dizkiegu elkarrizketatu guztiei. Bestalde, edonork Axioren argazkiak, bideoak edo informazioa badu, jar dadila gurekin harremanetan, bihotzez eskertuko dugu" gaineratu zuen. "Dokumentalak 40 minutu inguru iraunen dituu eta badakigu Axioren lagun guztiak agertzea ia ezinezkoa izango dela, bere emazte Begok dioen bezala Axio lagunetan millonarioa baitzen, baina ahalik eta informazio gehiena jasotzen saiatuko gara" nabarmendu zuen Irizarrek.

Finantziazioa: internet eta kontu korrontea
Dokumentalaren gastuak estaltzeko, finantziazio moduan bi bide nagusi landuko dituzte. Batetik, kontu korrontea zabalduko dute, eta, bestetik, crowfunding bidea landuko dute. Hau da, interneten Carena izeneko plataforma batean Axioren Dokumentala izeneko proiektua jaso dute, eta bertan sartuz gero, diru laguntza eman ahal izateko dauden moduak azalduko dira. "Jende asko mugitzen da interneten eta crowfunding bide hori jorratzea interesgarria iruditu zaigu. Eta aipatu bi bide hauetaz gain, akaso beste ekitaldi batzuk egingo ditugu, afariak edo dena delakoak" gaineratu zuen Monica Etxebarriak. Halaber, Ziordiko aurkezpenaz gain, dokumentalaren egit asmoa Olaztin eta Arbizun aurkeztuko dute ere.

Crowfunding bidez diru ekarpena egiteko internetera jo eta www.karena.eu plataforman sartu behar da. Bertan Axioren Dokumentala iragarkia agertuko da. Bertan sartu eta diru laguntza emateko dauden bide ezberdinak azaltzen dira. "10 eurotatik hasita 200 euro bitarteko laguntza eman ahal da. Gainera, trukean zerbait jasoko da, emandako diru kopuruaren arabera. Oroigarriak, dokumentala bera, dokumentalaren bukaeran norberaren izena agertzea eta beste jaso daiteke trukean" azaldu zuten bultzatzaileek. "Crowfunding kanpainak 40 egun irauten ditu eta ilbeltzaren 16tik zabalik dago. Beraz, jendea animatu dadila bere ekarpena egitera" gaineratu zuten. Bestalde, www.axioflores.com web gunea martxan dagoela gogoratu zuten, eta bertan ekimenari buruzko informazioa eta beste jasoko dira.
Dokumentala ekainerako egina egongo dela aurreikusten dute. "Ekitaldiren bat antolatuko dugu aurkezteko. Bestalde, Axioren familiari gure eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, gure ekimena begi onez hartu dutelako" nabarmendu zuten.

Gehiago