Automóviles Torregrosa enpresako istripu hilgarria salatzeko elkarretaratzea egin du ELAk
Enpresen zigorgabetasuna eta erakundeen konplizitatea jo ditu laneko ezbeharren arrazoi nagusitzat sindikatuak, eta lan-heriotz gehiago ez gertatzeko berehalako neurriak eskatu ditu gaur goizean Diputazioaren aurrean egindako elkarretaratzean.
2023-ko maiatzak 22
ELAk elkarretaratzea egin du gaur Nafarroako Gobernuaren egoitzaren aurrean, Burlatako Automóviles Torregrosa enpresan hildako 22 urteko langile gaztearen heriotza salatzeko. Joan den maiatzaren 12an gertatu zen lan-istripua, eta astebete beranduago hil da langilea, erabiltzen ari zen makinaren harrapaketak eragindako zaurien ondorioz.
Mobilizazioan, ELAk babesa eta elkartasuna helarazi die Vadim Papusa biktimaren senide eta lagunei, eta ikerketa sakona egin dadila eskatu du, enpresen arteko koordinazio betebeharrak bete ote diren argitzeko. Izan ere, ezbeharra Automóviles Torregrosa enpresan gertatu zen arren, hildakoa beste enpresa batek azpikontratatuta ari zen eraberritze lanetan.
ELAren zenbaketaren arabera, aurten honez gero 19 direla Hego Euskal Herrian haien lanpostuan hildako pertsonak, horietako lau Nafarroan. “Eta gehienak oinarrizko segurtasun-neurri egokirik gabe ari zirelarik”, salatu du sindikatuak. “Datu ofizialek berresten dutenez, ezbehar-kopurua etenik gabe igotzen ari da 2012az geroztik, eta enpresetan laneko arriskuen prebentzioa ez da egiten, edo egiten bada, paper hutsean geratzen da”, dio ELAk.
ELAren iritziz, aurrekoak zerikusi zuzena du enpresarien “zigorgabetasunarekin” eta erakunde publikoen “konplizitatearekin”. “Prebentzio arautegia bete ez arren, patronala oso eroso dago, Nafarroako Gobernuak ez baitu betegabetze horiek kontrolatzeko behar adina baliabide publikorik jartzen”, iritzi dio ELAk.
Hori dela eta, lan-heriotz gehiago ez gertatzeko “berehalako neurriak” eskatu ditu ELAk, eta horretarako “beharrezkoa da, 2018an Nafarroako Parlamentuak onartu bezala, lan-ikuskaritzaren eskumena berreskuratu eta honen plantilla hirukoiztu eta Europako batez bestekora berdintzea, Nafarroako enpresa eta lantokietan ematen diren segurtasun baldintzak behar bezala kontrolatzeko”.