Aurrerapausoak ematen jarrai dezan eskatu dio Iruñeko Euskalgintzak Udalari

Hamarnaka lagun elkartu dira gaur arratsaldean haur eskolak euskaraz izateko eskubidea babesteko eta emandako aurrerapausuekin jarraitzeko eskatu diote Iruñeko Udalari.

2017-ko otsailak 23

Iruñeko Udalak iazko ikasturtean euskarazko murgiltze eredua bi haur eskola gehiagotara hedatzeko erabakiaren kontra Antonio Sanchez epaileak harturiko erabakia larritzat jo du dute Udal Plazan bildutakoek. «Udalaren erabaki horrek duen balioa eta garrantzia azpimarratu nahi dugu. Izan ere, Nafarroako herritarrek bertako hizkuntza ezagutzeko duten eskubidearen bermean urrats esanguratsua izan zen. Hareago aintzat hartuz, urtetan iruindarrok 0-3an jasandako bazterketa injustu eta tamalgarriari buelta ematen hasteko egin duen ekarpena. Hemen bildu garenok Iruñeko Udalari norabide horretan erabakiak hartzen jarraitzeko gure eskaera eta babesa helarazi nahi dizkiogu», adierazi dute Asier Biurrunek eta Garbiñe Petriatik.

Iruñeko Euskalgintza, Hizkuntza-Eskubideen Behatokia, ELA, LAB, EILAS eta Sasioa taldeak ziren elkarretaratzearen deitzaileak. Partehartzaileen artean Bakartxo Ruiz, Miren Aranoa eta Dabid Anaut EH Bilduko parlamentariak zeuden.

«Urte luzez UPNren esku egon diren instituzioek beraiek jo izan dute euskaraz bizitzeko eskubidearen aurka. Orain, aldaketaren instituzioek eskubideen eta justizia sozialaren bermean ematen duten urrats oro judizialki katramilatzeko estrategia gaitzesgarria salatu nahi dugu», gaineratu dute.

«Herritarrak diskriminatu egiten ditu administrazioak euskaraz ikasteko aukera ukatzen dienean. Eta horrek desberdintasun sozialak erreproduzitzen ditu, batzuk besteek baino ezagutza gehiago eskuratzen dutelako. Nafarroako instituzioei, beraz, eskubideen bermerako erabaki sendoak hartzea exigitzen diegu. Babes juridiko egokia emanen digun legea barne», aldarrikatu dute.

Honekin batera, epai hau haur eskolen matrikulazioa garaian plazaratzea kasualitatea ez dela gaineratu dute. «Helburu argia dute: herritarren artean ezinegona sortzea, euskara zarata mediatikoarekin nahastea, azken batean herritarrak euskararengandik urruntzen saiatzea azken batean», esan dute.

Gauzak horrela, urtetan jende andanak egindako lanari esker aurten Iruñean haur eskolek euskaraz inoiz izan duten eskaintza zabalena dutela nabarmendu dute. Horregatik, martxoaren 1etik 15era bitartean euskaraz matrikulatzeko deia egin dute. Donibanen, Arrosadian, Arrotxapean, Txantrean, Alde Zaharrean eta Sanduzelain euskarazko haur eskolak daudela gogoratu dute.

Gehiago