Atzotik atxiloturik zeuden LABeko 5 sindikalistak kalera atera dira gaur goizean, epailea bera ikusi gabe

Espainiako Poliziak LAB sindikatuko 6 kide atxilotu zituen atzo Nafarroan. Horietako bat berehala askatu zuten, baina bertze bortzek egun osoa eman dute polizien eskuetan. Gaur goizean, bederatziak aldera, epailearen aitzinera ziren pasatzekoak. Baina epaileak ez ditu hartu. Galdetu diete ea deklaratu behar zuten, eta ezetz erran dutenez, aske utzi dituzte, karguekin. LAB sindikatuaren ustez, epaileak atxilotuak ikusi ez izanak are handiagoa egiten du polizia operazioaren burugabekeria.

2021-ko apirilak 21

Sei atxilotuei egotzi diete martxoaren 8an CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen Iruñeko egoitzan eginiko protesta ekintza batean edo apirilaren 9an ISN enpresaren kamioi batekin eginiko protesta ekintza batean parte hartzea.

Mehatxuak, bortxa, kalteak eta -kamioiaren kasuan- zirkulazioaren segurtasunaren aurkako delitua leporatzen diete, abokatuen ustez “oso pobrea” den atestatu batean. Bide batez, aipatzekoa da abokatuek ikusi ahal izan duten atestatu horretan ez direla pertsona gehiago agertzen, nahiz eta Poliziak eta Gobernu Ordezkaritzak berak atzo erran zuten 11 izanen zirela atxilotuak.

LAB sindikatuak salatu du sindikatuaren aurkako operazio honetan “patronala eta polizia eskuz esku ibili direla”. Izan ere, kamioiaren ekintzaren kasuan aipatzekoa da Foruzaingoak ofizioz hasi zituela diligentziak, eta gero atxilotua izan denetako bat deklaratzen egon zela haiekin, baina ISN enpresak salaketa Espainiako Polizian jarri zuenez, hark hartu zuela kasua, eta martxoaren 8ko ekintza harekin lotuta, “antzezlan handi hau muntatu duela”.

LAB sindikatuak nabarmendu duenez, M8an soldata arrakala salatzeko ekintza bat izan zen, eta Garbiketen sektoreko hitzarmenaren negoziazioetan zegoen blokeoa salatzeko bertzea. “Alegia, emakumeen lan baldintza kaskarrak salatzeko eta haien eskubideak aldarrikatzeko bi ekintza. Bi ekintza baketsu eta LABek bere ekintza sindikalean ohikoak dituenak. Horixe da patronalak eta Espainiako Poliziak jomugan jarri dituenak”, salatu du.

LAB sindikatuaren ustez, bi ekintza horietan ez dago deliturik, eta egotekotan,  Poliziak “nahikoa zuen sei sindikalista horiek deklaratzera deitzea”, atxiloketak burutzeko beharrik gabe. “Ez zen beharrezkoa halako operatibo poliziala muntatzea. Ez zen beharrezkoa parametro demokratikoetan, noski. Baina LABek uste du patronalak eta Poliziak halako operazio hanpatua egin dutela, batetik, LABek ordezkatzen duen sindikalismo borrokalariaren aurka zuzenean jotzeko eta, bertzetik, gerora etorriko diren zigor eskaerak indartzeko”.

Larunbatean, kalera

LAB sindikatuak Nafarroako langileei datorren larunbatean Iruñean izanen den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu die. Manifestazioa 17:00etan aterako da, Iruñeko Baluarte plazatik.

Gehiago